Miñan' liburuan oinarrituta dago antzerkia. Zein da kontatzen den istorioa?
Liburua oso entzuna da Amets Arzallusek idatzi zuena Ibrahima Balderen ahotik ateratzen ziren hitz eder horiek bilduta. Duela bost urte idatzi zuen 'Miñan' liburua literaturara ekarrita. Istorio oso gogorra eta, aldi berean, oso poetikoa da. Liburuak protagonista du Ibrahima Balde, Ginea Konakriko mutil gazte bat, bere herrian bizi dena familiarekin eta bertako kontakizunak biltzen ditu. Anaiak alde egiten du Europara bidean. Bat-batean dei bat jasotzen du esanez anaia Libian dagoela, eta orduan Ibrahimaren bidaia kontatzen du anairen bila. Gero, esaten diote anaia Mediterraneoan hil dela. Puntu horretan, ez daki zer egin eta ia ausaz Ibrahimak Europan amaitzen du atzera amarengana anaiarik gabe itzultzeko lotsaz. Pixka bat hori kontatzen du oso modu gordinean eta oso momentu gogorrak biziz: basamortua zeharkatzen du, hildakoak ikusten ditu, torturak jasaten ditu, esklabu modura tratatzen dute… orokorrean, animalia bat bezala tratatzen dute bidaia osoan hona iristen den arte. Irakurleak hori irakurri du, eta nik ere irakurri nuenean asko harritu ninduen eta oso gogorra iruditu zitzaidan.
Liburu batzuk antzerki, pelikula eta bestelako bilakatzen dira, baina beste batzuk ez. Zergatik aukeratu zenuen liburu hau antzezlana sortzeko?
Antzerkira eramatea erabaki genuen ez neure buruan zebilen ideia bat zelako, baizik eta liburuak hain arrakasta handia izan zuen, beste hiz kuntza batzuetara ere itzuli zuten liburua: galegoz, katalanez, italieraz, frantsesez, ingelesez, gaztelaniaz… lehen itzulpena ingelesez izan zen. Lehen itzulpena ingelesez izan zen “Little brother” eta itzulpen hori egiteaz Timberlake Wertenbaker arduratu zen. Nik emakume hura ezagutzen nuen, dramaturgoa da eta antzerki idazlea da. Ordurako berekin zerbait egiteko asmotan nenbilen, eta berak esan zidan 'Miñan' antzerkira eramateko asmoa zeukatela. Nik aipatu nion pena zela euskaraz pentsatu eta sortutako literatura obra bat lehendabizi ingelesez eramatea antzerkira. Euskal Herrian antzezlan hori berezko hizkuntzan izatea beharrezkoa eta polita izan zitekeela esan nion. Ingelesezko estreinaldia atzeratu egin zen Londresen pandemia zela eta, orain maiatzean estreinatuko dute. Nik aipatu nion euskal aktore beltzak ezagutzen nituela eta posible izan zitekeela obra prestatu eta estreinatzea.
Nolakoa izan zen antzezlana sortzeko prozesua? Egileekin kontaktuan egon zinen?
Timberlakekin hitz egin ondoren, egileekin hitz egitea izan zen hurrengo pausoa baimena eskatzeko obra antzerkira eramateko. Hasiera batean ez ziren oso aldekoak, batez ere, Ibrahimaren zauri horiek berriz ere irekitzea delako. Beldur ziren istorioa komertzializatuko ote zen, istorioa saltzea zela sentitzen zuten. Gero konturatu ziren garrantzitsua zela gaiaren inguruan eta zauri horien inguruan hitz egitea. Beraz, baiezkoa eman ziguten. Amets eta Timberlakek ondo ezagutzen dute elkar, Timberlakek uda Saran pasatzen duelako. Baiezko horrekin taula gainera eraman genuen, eta gainera, Ametsen konplizitatea ere izan dugu sormen prozesuan. Antzerkiari beste dimentsio bat eman dio horrek.
Askotan liburuak eta antzezlan edo pelikulak konparatzean, aldaketak izaten dira. Kasu honetan ere hala izango da?
Antzerkiaren amaierak beste biribiltasun bat du. Ibrahimaren odisea ez da bukatzen "salvamiento maritimokoek' hartzen dutenean, liburuan bezala. Ibrahimaren benetako odisea ez da momentu horretan bukatzen. Espainian eta Euskal Herrian bizi izan zuen paperik gabeko bizitza hori kontatu nahi nuen, benetan garrantzitsua iruditzen zaidalako ilegalitate horretan bizi izan zuena kontatzea; Ibrahimaren benetako odisea hamar urte pasa ondoren, ama eta bi arreba bisitatzera bueltatzen denean.
Euskarri aldaketak zein eragin izan du istorioa kontatzeko moduan?
Antzerkia beste euskarri bat da eta liburuko pasarte guztiak ez dira biltzen, bestela antzezlanak lau ordu iraungo zuen. Oso fidelak izan gara Ibrahimaren istorioarekiko, bertan dauden elkarrizketa zein pertsonaiak errespetatu ditugu. Zuzendari paperetik argi neukan errespetatu egin behar nuela ibilbide tragiko hori. Ibrahimaren ahotsa errekuperatu eta antzerkiaren lengoaian irakurri dugu.
Nolako eszenografia espero dezakegu? Oso minimalista izango da edo atrezzoak eta irudiak garrantzia izango du?
Eszenografia oso sutila da, irudi asko ekartzen ditu, baina xumetasunetik. Basamortua, kartzela, tortura gela… Hori guztia biltzen dugu argia eta arropa erabilita oso modu xumean. "Miñan'-en hori kontatu nahi izan dugu, baina literaturatik haratago. Antzerki-aktore foko handia dago lau aktorek antzeztuta. Bakoitzak hogei pertsonaia inguru egiten ditugu, eta erritmo handia du. Bisuala eta plastikoa da, oso gorpuztua. Nik antzerkia nola ikusten dudan erakusten du eta 'Miñan' irakurri nuenean sentitu nuen hori erakusten du. Irudimena erabilita aukera emango diogu ikusleari mundu hori irudikatzeko eta istorioan barneratzeko.
Liburua eta antzezlana konparatzeari zer deritzozu?
Ezinezkoa da konparatzea. Batzuei gehiago iritsiko zaie eta beste batzuei gutxiago. 'Miñan' duela bost urte plazaratutako liburua da, beraz, batzuek aspaldi irakurriko zuten eta beste batzuek freskoago izango dute; bada istorioa gogoratzeko momentu egokia. Oso pertsonala eta subjektiboa da. Esango nuke kontua ez dagoela gustatu edo ez gustatzean, baizik eta istorioan sartzean. 51-52 emanaldi egin ditugu eta jada 15.000 pertsonak ikusi dute. Badago zerbait, jendea, orokorrean, oso hunkituta ateratzen da. Hori da guk bilatzen duguna, baina gustatu zaien edo ez oso subjektiboa da eta ez naiz horretan sartuko. Kontzientzia piztu eta hausnarketarako tarte bat bideratzea da antzezlanaren helburua. Erronka bat bazegoen, liburua oso ondo idatzita dago, jende askok irakurri du eta horrek ardura sortzen du. Ardura horrekin lan handia egin dugula esango nuke eta emaitza bat ere lortu dugu. Jende asko ari da hurbiltzen antzerkia ikustera eta oso hunkituta ateratzen da. Liburua irakurri nuenean ere hunkitu egin nintzen, eta talde moduan hori bilatu nahi genuen gainontzekoengan ere.
Estreinalditik hona bost bat hilabete pasatu dira. Nolako harrera ari da izaten antzezlana?
Oso liburu entzutetsua izan da eta horrek bidea erraztu digu. Jendea animatzen ari da antzokira etortzera eta ohikoa ez bada ere, Sold Outak izaten ari gara ia antzoki guztietan. Pozgarria da guretzat halako harrera ona jasotzea. Oxala halako harrera izango bagenu antzezlan guztietan. Literaturan fenomeno bat izan da eta antzerkian ere fenomeno bat izaten ari da 'Miñan'. Orokorrean, euskal gizartean haratago joan behar dugula uste dut, elikatzen ari garen aktore berrien etorrera eta kultura esparru hori zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta hobeto. 'Miñan'-ekin gertatzen ari da eta ea beste musika talde, liburu, antzezlan eta abarrekin ere gauza bera gertatzen den. 20-25 pertsona ibili gara lanean proiektuari forma ematen: Arte Dramako lankideak, aktore eta zuzendari laguntzaileak, teknikariak… eta oso eskertuta nago beraiei. Eta nola ez, jakina, eskerrak eman taldeko aktoreei: Sambouk Diaby, Eihara Fernandez de Larrea eta Mikel Kaye. Taldelan ederra egin dugu.