NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

"Itoiz. Udako sesioak" ikusteko sarrerak eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 7a, 10:19

"Itoiz udako sesioak" ikus-entzunezkoa proiektatuko du NOAUA! Kultur Elkarteak bere Kulturaldiaren baitan, larunbatean, otsailaren 8an Sutegin.

Itoiz talde mitikoa bueltan datorkigu, oraingo honetan, NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik eta ez kontzertuan, film formatuan baizik. Izan ere, "Itoiz udako sesioak" izeneko proiekzioa programatu du kultur elkarte honek, iaz bezala, aurtengoan ere azarotik otsailera aurreratu duen zikloaren baitan.

"Juan Carlos Perez gogoeta sakon batean murgilduko da argitaratu gabeko zinta bilduma baten aurkikuntzaren ondorioz. Alde batera utzi nahi izan ditu taldeak momenturik gorenean pop estilora eman zuen aldaketa, eta ostean desegin izana. ITOIZ musika taldearen lider izandakoak bidaia katartiko bat hasiko du, iraganarekin adiskidetzeko balioko diona; taldeak 70. hamarkada hasieran Rock progresiboan murgilduta igarotako urteak bergogoratuko ditu bertan".

CANNES DOCS Marché Du Film 2023an parte hartu zuen film honek. Aurrerapena, albiste honi atxikitako bideoan ikus dezakezue.

Hiru zinemagileren artean osatu dute Itoiz talde mitikoaren inguruko dokumentala. Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka zuzendarien lan honetan, taldearen ibilbidearen berri emango zaigu. Taldea desegiteko arrazoiak ere argituko dira. Pelikula egiteko hainbat
osagai baliatu dituzte. Itoizeko kideei egindako elkarrizketa sakonak daude, batetik. Artxiboko materiala batzeko ahalegin berezia egin dute bestetik. Eta azkenik, hainbat pasarte fikzio bidez irudikatu dituzte.

Itoiz taldearen inguruko dokumentala estreinatu berritan iritsiko da Sutegira. Larunbatean, otsailaren 8an iluntzeko 19:00etan Sutegiko auditorioan izango den proiekziorako sarrerak aurrez eskuratu ahalko dituzue sei eurotan usurbilkultura.eus plataforman edota NOAUA! K.E.-ren egoitzan. NOAUA! K.E.-ren bazkideek 4 eurotan erosi ahalko dituzte kultur elkarteko egoitzan soilik.