Hobekuntza gehiago kirol instalakuntzetan

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 6a, 11:10

Argazkiak: Usurbilgo Udala.

Kirol instalakuntzak hobetzeko etengabeko ahaleginean, azkenaldian egindako inbertsioen berri eman du Usurbilgo Udalak.

Kirol azpiegiturak hobetzen jarraitzen du Usurbilgo Udalak, Oiardo kiroldegiak bazkideen marka hautsi ostean. Izan ere, 2024a inoizko bazkide kopuru handienarekin agurtu zuten, 2.663rekin (1.240 emakumezko eta 1.423 gizonezko). Ohar bidez jakinarazi dutenez, "kirol sailak urtez urte gordetzen du kirol instalazioak berritzeko partida bat, eta horien berri eman dute, orain. Guztira, 40.695 euroko inbertsioa egin da". Horren baitan, "gimnasioko materialari dagokionez, spinning egiteko bost bizikleta berri jarri dira, eta korrika egiteko zinta eta eliptika bana iristear daude. Polea makinarako osagai berriak ere erosi dira".

Horrekin batera, "paperaren erabilera murrizteko helburuarekin, kontsumo baxuko esku lehorgailuak jarri dira. Era berean, gimnasioko makinak erabili ostean garbitzeko zapi berrerabilgarriak jarri dituzte: egunero garbitu eta aldatzen dituzte".

Bestalde, "bizikletak modu erosoan garbitzeko gune berri bat ere jarri da kiroldegiaren atzeko aldean".

Azkenik, "Kiroldegian zein gimnasioan sartzeko QR irakurgailuak jarri dituzte, Nik patrika digitala app-aren bitartez funtzionatzen dutenak. Administrazio publikoek kudeatzen dituzten zerbitzu desberdinak biltzen dira bertan, eta bazkideen kasuan, B@kQ txartela sartuta, bertan agertzen da QR kodea. Noski, orain arte bezala, txartel arrunta ere erabili ahal izango da".

Oiardo kiroldegian soilik ez, Harane futbol zelaian ere zenbait berrikuntza iragarri ditu Udalak. "Gipuzkoako Futbol Federazioak udal guztiei helarazitako gomendioari jarraituz, zelaiaren perimetro osoan, barandetan, talkak leuntzeko babesak jarriko dira, datozen asteetan. Partida zein entrenamenduetan ohikoa izaten da zelaiaren ertzeraino korrika iritsi eta baranden kontra jotzea, eta segurtasuna bermatzeko helburuz jarriko dituzte babes horiek".