2019. urte ingurutik Usurbilgo argiteria publiko guztia LED teknologiara faseka egokitzeko egutegia zehaztu zuen. Egutegi hartan jasotakoa gauzatzen ari da ordutik, urtero udal aurrekontuetatik zereginotara bideratu ohi duen diru partidarekin.
Oraingo honetan, udalerri honetako bost zonaldeetan kokaturiko 442 argi-puntu LED teknologiara aldatuko ditu Usurbilgo Udalak hilabete honetan bertan; zehaztu dutenez, "121 Atxegalden, 98 Santuenea-Atallun, 47 Munalurran, 98 Galtzaragainan eta 78 Artzabalen".
Horretarako, "2023an eta 2024an jasotako partidak batuta lizitaziora atera du proiektua, eta Leycolanek eskuratu du, 144.142 euroan". Inbertsio honen onura nabarmendu du Udalak. "Energia kontsumoa %77 murriztea aurreikusten da: urtean 8.800 euro inguru aurreztuko da. Argiteria publikoko argi-puntu bakoitza erregulatzeko aukera emango du, gainera".
942 LED argi-puntu
Dagoeneko egun, "2.255 argi-puntu daude herrian, eta 942 LED teknologiadunak dira, dagoeneko: argiteria guztiaren %41. Orain egingo diren lanekin, %60ra igoko da ehunekoa".
Aurrera begira "jauzi kualitatiboa" eman asmo duela jakinarazi du Usurbilgo Udalak. Urtero udal aurrekontuetatik diru partida bat eginkizun hauetara bideratu beharrean, "Energiaren Euskal Erakundeak bultzatutako Gauzatu Energia programarekin bat" egingo du Udalak. "Interesik kobratzen ez duen mailegu bat da: 300.000 euroko inbertsio bat egingo da horren bidez, eta herriko argiteria ia guztia aldatzea ahalbidetuko du (%95 ingurura iritsiz)".