Gaurkoan ere herri merkataritza gozoki zaintzen

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 7a, 10:00

Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko bidean, azaroan abiarazitako gozogintza kanpainara batu dira gaur herriko beste bi saltoki.

 

"Herri zaintzaileak gozoak eskaintzen dizkizu: topatu eta gozatu! ". Hortxe azaroaz geroztik hilero eskura izango duzuen ekimen gozoetan gozoena. Oinarrizko Lanbide Heziketako sukaldaritzako ikasleek prestatu eta udal brigadak eramandako gozoak eskainiko dituzte herriko saltokietan, hilero maiatzera arte egun batez, bi dendetan. Otsailari dagokionez, gaur ari dira eskaintzen Otar-Goxo eta Iratze saltokiak. "OLH-ko ikasleek prestatutako gozoak Otar-Goxora eta Iratze natur dendara eraman dituzte, gaur, Keydik eta Edgardek, bezeroek dastatu ditzaten, “Herri zaintzaileak gozoak eskaintzen dizkizu: topatu eta gozatu!” kanpainaren bidez. On egin!", desio dute Usurbilgo Udaletik.

Modu horretan, garai batean jubilatu elkarteei zuzenduta egindako ekimen hauxe da berreskuratu doazena. "Gozoak non izango diren jakiteko euskarriak jarriko dira txanda bakoitzean", aurreikusi dute sustatzaileek.

Zaintzadun herria
Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko bidean, hiru ekimen aurkeztu zituzten Udalak eta herri eragile hainbatek ekainean; martxan den "Usurbilen, goazen kalera" dinamikarekin batera, jai zaintzaileen eta merkatari zaintzaileen egitasmoak.

Azken honi, herri merkataritza zaintzaileagoa izateari dagokionean, sustatzaileek esan zutenez, "ekimenaren helburua da, herritarren arteko zaintza eta erlazio sareak indartzea eta bultzatzea. Horren baitan ere pertsona zaurgarrien detekzioa eta artatzeko gizarte zerbitzuek komunikazio kanal bat zabaltzea, prebentzioari begira", azaldu zuten.