Urteotan nabarmen hazi da taldea.
Garazi Tapia: Hasieran, kadete talde bat zen. Gaur egun, alebin, infantil, kadete eta jubeniletan talde bana dugu.
Nolatan izan du taldeak hain hazkuntza azkarra?
Hans Romero: Elkarlanean ari gara jokalari, entrenatzaile eta gurasoak. Futbol klubekoek ere lagundu digute klub bezala hazten. Gaztetxoenek helduenak dituzte erreferente. Garazik gurekin kadeteen mailan jokatu zuen eta aurten, Hernanin dago eta gurekin entrenatzaile txikienekin. Kirol jarduera hau arreta deitzen ari da herrian, jarduera desberdin gisa.
Nolakoa izan da Garazi, jokalari izatetik entrenatzaile izateko jauzia?
G.T.: Aurreko urtean Hernanira mugitu behar nuen, baina aurten jada Hansek Usurbilen esan zidan infantilen talde bat zegoela. Orduan, baiezkoa eman eta etorri nintzen. Oso gustura nabil, bi urte jada infantilekin.
Nola ikusten duzu belaunaldi berria?
G.T.: Potentzial handia dute. Oso ondo ari dira. Infantilek adibidez, udan boleia egiten ari direla esan didate eta geroz eta gehiago ikusten da jarduera hau.
Boleibolak zer nolako garrantzia du zuen bizitzetan?
H.R.: Lehen jokalaria izandakoa naiz. Gaur egun, niretzat etapa berri bat da entrenatzaile gisa aritzearena, ez bainaiz lan honetan jardun aldez aurretik. Niretzat zeregin hau, ikasi dudan zerbait besteei transmititzea, beste norbaiti irakastea ederra da. Garazi nirekin zen, taldeko kapitaina zen, onenen artean zen. Gaur egun, entrenatzaile gisa oso ondo ari da transmisio lan horretan eta hori da garrantzitsuena. Badira jokalariak entrenatzaile titulua atera dutenak, txikienak entrenatzen jarrai dezaten.
G.T.: Garrantzia ikaragarria du. Asteburuetan partida izatea oso gustuko dut, ikaragarri ondo pasatzen dut. Kadeteetan nengoenean partidak hainbeste ez genituen irabazten baina ikaragarri ondo pasatzen nuen eta infantilekin ere bai.
Komunitate bat eratu duzue dagoeneko ezta?
H.R.: Komunitate nahiko handia da. Usurbilen pixkanaka boleiaz hitz egiten hasiak gara. Garrantzitsua da kirol jarduera ezberdinen aukera izatea.
Usurbil F.T. barruan zaudete egun. Zer moduzkoa izan da aldaketa hau?
H.R.: Ateak ireki dizkigute eta oso gustura gaude, denean laguntzen gaituzte. Proiektu pare bat ditugu haiekin eta oso ondo gaude, egia esan.
Denboraldia amaitu bitarte, zer erronka dituzue?
G.T.: Infantilekin oso ondo gabiltza. Aurredenboraldian partida denak irabazi zituzten. Iaz partida bakar bat ere ez zuten irabazi. Aurten aldaketa handia izan dute. Oso ondo goaz, hala segi dezatela. Euskadirako partida galdu genuen baina berdin dio, oso ondo jolastu zuten. Hala hobetzen segi dezatela.
H.R.: Infantilak ondo doaz, kadeteak ere bai. Jubenilak lehen urtean ari dira eta maila berrira oso ondo ari dira ohitzen. Kontuan izan, bizpahiru urte maila horretan daramaten neskekin ari dira lehiatzen.
Zer esan zer kirol egin ez dakienari? Zer eskaini diezaioke boleibolak?
H.R.: Animatu dadila probatzera eta gustuko izanez gero segi dezala. Talde kirol bat da, kuadrilla osatzen duzu. Kirola egitea osasuntsua da eta taldean bada are gehiago, jendearekin inplikatzen zara.
G.T.: Ez da hain ikusia, polita da eta probatzeko.