Kulturgintzan sarriago ikustera ohituak egon arren, kirol arloan ere baden lankidetzaren adibide argi baten berri segidan. Izan ere, elkarlanerako borondateak batu ditu Usurbilgo boleibol eta futbol taldeak. Jada aterkipe berean aritzea adostu dute; Usurbil F.T. klubaren baitan. Elkarlan horren sustatzaile diren bi taldeetako ordezkariekin bildu gara.
Hutsetik
Duela lau urtera arte ez zegoen boleibolaren arrastorik ere Usurbilen. Ordutik talde bat osatzetik lau izatera igaro dira. Hazkuntza ez da soilik jokalari kopuruan nabarmendu, haien bilakaera espazio aldaketarekin eta eman dituzten bestelako urratsekin ere lotua dago. Ondorioz, oso hurbiletik bizi izan dute zer den hutsetik hastea. Boleibolean jokatu nahi izan zuten gaztetxoen gurasoak izan dira hasieratik kirol jarduera honetan trebatzeko aukera bermatu nahi izan dutenak baina ez dute lan erraza izan. Lehenengo urtean, "lekua eta materiala" behar zutela oroitarazi digute. Eta lortu zuten. Hasieran, "astean behin ikastolan" hasi ziren entrenatzen, jarduera honekin harremantzen. Partidarik jokatzerik ez zuten, baina kirol jardun honetan aritzeko aukera izatearekin oso gustura zeuden. "Urtebete geroago eskatu genuen ea posible zen kiroldegian entrenatzea eta hasi ziren partidak jokatzen", oroitarazi digute gurasook.
Erabaki beharra
Kadeteen mailako taldearekin ekin zioten ibilbide honi, "Hernaniren eta Eskola Kirolaren bidez. Zein izan zen arazoa? Gure taldea jubeniletan sartzerakoan kluba behar genuen. Une horretan hasi ginen kluba bilatzen". Hortxe heldu zen une erabakiorra. Bi aukera zituzten seme-alabek boleibolean jokatzen segi ahal izatea nahi bazuten; "edo guk sortu kluba edo beste klub batean sartzea, sekzio moduan".
Taldea handitzen joan da; aipatu moduan, jokalari multzo bakarra izatetik lau izatera igaro dira denbora tarte honetan. Izan ere, egun, "jada bagara lau talde, alebinak, infantilak, kadeteak eta jubenilak".
Usurbil F.T. barruan
Usurbil F.T.-n sartzeko, guraso talde honen, futbol klubaren, Hernaniko taldearen eta Udalaren artean zubi-lana egin duen Eskola Kiroleko arduradun Iban Maritxalar eskertu nahi dute bereziki, hasieratik Hernaniko taldetik jasotako laguntza goraipatzearekin batera. Maritxalarren eskutik izan zuen Usurbil FT-k boleibol taldeak bizi zuen egoeraren eta haien laguntza beharraren berri. Hasieratik izan zuten laguntzeko prestasuna. Eusko Jaurlaritzarekin hartuemanetan jarri zen Usurbil F.T.-ren zuzendaritza eta boleibol taldea klubean sartzeko aukera bazutela jakinarazi zieten. "Ez zen gauza handirik egin beharrik", gogorarazi digute herriko futbol taldeen bilgunetik. Hala, iaztik, "gure estatutuetan futbola dago baina bigarren modalitate gisa boleibola".
Hori hala egin izan ez balute, "lau talde izanda orain klub bat sortu beharra izango zuten, bizpahiru urte barru ze egoeratan egon daitezkeen jakin gabe". Izan ere, oroitarazi diguten moduan, "haurren kopurua murrizten joango da. Lan izugarria egin orain bizpahiru urte agian desagertzeko?". Arrisku horren aurrean, Usurbil F.T.-koentzat boleibolekoak klubean sartzea "ez da lan handia izan".
"Elkarrekin gaude"
Egun, klub bakarraren eta beraren baitan dabiltza denak batera. Bakoitzak bere atala du, nork berea kudeatzen segitzen du orain arte bezala, "baina elkarrekin gaude" eta hori iruditzen zaie garrantzitsuena. "Hurrengo denboraldian boleibolekoek haien kluba sortu nahi dutela? Ez dago arazorik. Orain arte bezala lagunduko diegu", nabarmendu dute Usurbil F.T.-tik. Bitarte horretan, elkarrekin dauden artean, boleibolekoek haien jarduna egitea da bermatu eta lehenetsi nahi dutena.
Herrian jokatzearen garrantzia
Gurasoak ere pozik dira aukera honekin. "Bertigoa eragiten zigun klub bat sortu beharrak". Horregatik, eskertuak daude eman zaien irtenbidearekin, hasieran "dena zen eta berria guretzat". Horregatik, ezinbestekotzat jo dute Usurbil F.T.-tik jasotako laguntza. "Seme-alabei eta guri lasaitasuna eman digu". Pozik dira denak hartutako erabakiarekin. Hala izan ez balitz, "herritik kanpora joan beharko zuten jokatzera edo kluba sortu beharko genuen". Futbol kluba ere jakitun da, noski, "hasierak gogorrak" izaten direla. Gurasoen asmoa, "geure seme-alabek, hemen inoiz egin ez den kirol jarduera batean aritu eta ondo pasatzea da, herrian bertan izanda, askoz hobeto". Izan ere, gogorarazi digutenez, "adin horietan oso garrantzitsua da gaztetxoentzat hemen geratzea".
Alde biek lankidetzaren balioa goraipatu diote NOAUA!ri. Jokaleku desberdin bana (Oiardo kiroldegia eta Harane) duten bi kirol jarduera desberdinak izanik, "elkarrekin gaude. Lankidetzan aritzea posible dela erakusten ari gara. Urte asko daramagu Usurbilen entzuten kirol elkarte bat sortu behar dugula. Une honetan, bai boleibol eta bai futbol taldeak ari gara erakusten elkarlanean aritu gaitezkeela".
Bide horretan sakontzen segiko balitz, argi dute, "gaztetxoei egingo lioke mesede", taldeen antolaketa lanei eta belaunaldi berrien herriarekiko atxikimendua estutzen lagunduko luke. "Nahi izatea da kontua", Usurbil F.T.-tik aipatu digutenez. Horretarako, ordea, klubetik "kirolari garrantzi handiagoa eman beharko litzaiokeela" uste dute. Gazteei kirola egiteko aukera ahalbidetu behar zaiela diote. "Kirola egin nahi duen gazte orori bere herrian egitea erraztu behar zaio. Guk hala egiten dugu futbolean jokatu nahi duen ororekin. Kanpora joatea badakigu zer den; ordutegi aldetik eta ikasketekin ezin uztartu eta kirola egitera uztera bultzatzen du aukera horrek".