2002an sinatutako lankidetza hitzarmenaz geroztik, euskararen normalizazioa sustatzeko egitasmoak bideratzeko elkarlanean dihardute Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek, Buruntzaldea osokoek alegia. "Udalerrien arteko lankidetza hau bitarteko, egitasmoak eskualde mailara zabalduta aberatsagoak eta sendoagoak izango dira, giza baliabide eta baliabide ekonomikoak hobeto erabiltzearen poderioz landuagoak izango direlako eta, ondorioz, baita eraginkorragoak eta errentagarriagoak ere", aipatu udalon esanetan.
Horrez gain, "badaude, bestalde, udalerriaz gaindiko gaiak ere, udal batek bakarrik eragin ezin dituen arlo edota sektoreak". Hortik, hamarkada hauetako eskualdeko esku-hartzearen beharra.
Lau urterako
Hitzarmen honen indarraldia amaitua zegoenez, egokitzat jo dute lankidetza honi jarraipena ematea. Horretarako, hitzarmen hori beste lau urtez berritzea onartu zuen udalbatzak urtarrilaren 30eko osoko bilkuran.
"Hitzarmen hau izenpetzen duten sei udalerrietako egoera soziolinguistikoak nahiz demografikoak anitzak izanda ere", euskararen normalizazioaren bidean, badituzte denek lehentasunezkoak izan daitezkeen hainbat jarduera-esparru: "familia eta irakaskuntza (hizkuntzaren transmisioan edo ondorengoetaratzean eragiteko), kirola (aparteko hitzarmena dugu «kirola euskaraz» egitasmoaren inguruan), aisialdia, merkataritza eta udal barneko euskara planak (hizkuntzaren erabileran eragiteko)".