Udalbatzaren osoko bilkura

Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzen alokairu-kontratuaren onarpena

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 8a, 10:11

Matia Fundazioaren jabetzako Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzen
alokairu-kontratua onartu zuen udalbatzak urtarrilaren 30eko osoko bilkuran. Bestalde, Etxeko Laguntza Zerbitzua finantzatzeko Udalak Aldundiarekin izenpetua duen hitzarmena ere luzatzea babestu zuen.

Urrats berri bat eman zuen udalbatzak urtarrilaren 30eko osoko bilkuran, Egurtzegin kokatuko diren bizi osorako etxebizitzen egitasmoa bultzatzeko. Sei bizileku izango dira, haietatik lau Udalaren esku geratuko direla berri eman zuen udal gobernu taldeak, "usurbildarrei baliabide hori eskaini ahal izateko". Izan ere, "Egurtzegiko eraikinean dagoen eta Matia Fundazioaren jabetzakoak diren bizi osorako etxebizitzen alokairu-kontratua" onartu zuten udal ordezkariek aho batez. Zazpi urteko iraupena izango du, urtez urte hamar urtera arte luzagarria izango dena. Urtero 55.200 euro ordainduko dizkio Udalak Matiari.

Diru kopuru horren baitan txertatua egongo da, etxeon mantenu gastuak baita bizilekuotako egoiliarrek haien egoerak kudeatzeko izango duten erreferentziazko gizarte langilea ere. Azken herritarrari kontratua amaitzean bukatuko da Udalak Matiarekin izenpetuko duen kontratua. "Errentariak konpromisoa hartzen du errentan hartutako etxebizitzak Usurbilgo herritarrek etxebizitza gisa erabiltzeko, hala eskatzen badute eta horretarako izendatzen badituzte, Udalak Matia Fundazioarekin lankidetzan sustatutako zainketa-eredu berriaren barruan ezarritako moduen bidez, "Usurbilgo Zaintza Ekosistema" izenekoa". 

Gogoan izan, etxebizitza hauetako bakoitzean, zaintza behar duen pertsona zaintzaile jardunean ari den bizikidearekin batera egon ahalko dira alokairuan. Usurbil herri zaintzaileagoa izateko bidean, Txirikorda edota Egurtzegirekin batera eskainiko den baliabidea da honakoa, "iraupen luzeko zainketak jasangarriagoak izan daitezen. Pertsona ardatz duen arreta da eredu berriaren oinarria: etxean bizi ezin bada, etxean bezalako ekipamenduak eskaintzea da eredu horren zutabeetako bat". Etxebizitzok eskuratzeko sarrera baldintzak edota bizilekuon erabilera arautuko duen ordenantza lantzen hasia da Udala.

Etxez etxe
Zaintza gaiak alboratu gabe, Udalak badu etxez etxeko zaintza zerbitzua. Usurbil garatzen ari den zaintza ekosistema eredu berrira egokituko du etorkizunean. Orain artekoarekiko aldaketa esanguratsuak izango ditu. Horretarako lizitazioa kaleratuko du. Bitarte horretan, egun indarrean den zerbitzu hau hitzarmen bidez Foru Aldundiak finantzatzen laguntzen du. Hitzarmen hau aho batez berritzea erabaki zuen udalbatzak urtarrilaren 30eko osoko bilkuran. Halere, udal gobernu taldetik ohartarazi zutenez, "ikuskizun dago hitzarmen honekin zer gertatuko den", zaintza ekosistema berrira egokitzeko egin asmo dagoen lanketa tarteko.