Usurbilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) behin behinean onartu zuten gehiengo osoz EHBildu eta PSE-ren udal ordezkarien babesarekin. EAJ-koak abstenitu ziren. Dokumentua bera "EAE-ko Lurralde Antolamendurako Batzordera" igorriko dute,"txostena egin dezan hiru hilabeteko epean", eta "ingurumen-adierazpen estrategikoa" egitea galdegiteko ingurumen-organora ere bidaliko dute. Behin betiko onarpena ematea Foru Aldundiari dagokio, udal gobernu taldetik azaldu zutenez, 7.000 biztanle baino gutxiagoko udalerria delako Usurbil. Urte amaierarako behin betiko onartua izango dela espero dute.
Iragan asteko erabakiarekin, gai honekin hamarkada batetik gorako udal barruko lanketa ibilbidea borobildu dute. Horregatik, iragan asteko udalbatzarrean gogora ekarri zuten "inflexio puntu garrantzitsua" zela saio horretan hartzera zihoazen erabakia. Izan ere, hamarkada bateko lanketa izan da. 2014an orduko udal gobernu taldea hasi zen orain arteko plangintza berrikusten. Hamaika parte hartze prozesu, azterlan eta dokumentu osatu dituzte ordutik. "Usurbil, oraina da geroa" prozesuarekin eman zioten hasiera ibilbide hari 2014an. Gerora etorri ziren, mugikortasunari lotutako nahiz auzokako prozesu sektorialak; "Kale Irekiak (2016), Aginaga (2017/18), Zubieta (2020), Kalezar (2021) eta Santuenea (2021/22)".
2015ean aurrerakina onartu eta plangintza hau idazteko helburu eta irizpideak adostu zituzten. Ahal izan duten heinean ere eragindako lurjabeekin ere adostasunetara heltzen ahalegindu zirela oroitarazi zuten udal gobernu taldetik. "Lur jabe pribatuekin zein beste administrazioekin lortutako hitzarmenak ere nabarmentzekoak dira, besteak beste, Zapategi, Olarriondo, Elutx, tren geltoki berria edo N634 errepideko autobus geltoki berria eta igogailua".
Dokumentua bera idazteko ardura, gainera, "bere gain hartu du udalak, langile propio bat zeregin horretara bideratuta, herriaren eta herritarren interesen alde egiteko modurik egokiena zela iritzita. Jatorrizko dokumentua euskaraz idatzia izan da, eta gaztelaniara itzulia, gero".
2022an hasierako onarpena eman zitzaion HAPO-ari. Gero, alegazioak aurkezteko epealdian, 16 txosten sektorial biltzeaz gain, 41 ekarpen jaso zituzten, iazko ekainean ebatzi zituztenak. Gerora, txosten horien ohartarazpenekin, alegazio onartuekin... beharrezko egokitzapenak txertatu dituzte azken hilabeteotan. Halere, ohartarazi dutenez, horiek "aldaketa esanguratsurik, egiturazkorik" ez dute. Ondorioz, tramitazio prozesuan aurrera egitea ahalbidetuko die horrek.