Udalbatzaren osoko bilkura

Haraneko entsegu lokalen erabilerarako udal ordenantza jendaurrean

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 8a, 10:23

Musika taldeentzat Haranen kokaturiko entsegu lokalen erabilerarako ordenantza onartu zuen hasieraz udalbatzak azaroaren 28an. Hilabetez jendaurrean izango da.

Usurbil sorkuntzaren erakusleiho argia izaten dira Haranen kokaturiko entsegu saioetarako lokalak. Guneon erabilera eta funtzionamendua arautzeko udal ordenantza onartu zuen aho batez udalbatzak azaroaren 28ko osoko bilkuran. "Ordenantzaren xedea, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak zein diren zehaztea eta instalazioak erabiltzeko baldintzak definitzea da", Usurbilgo Udalaren esanetan.

Udalbatzak hartutako erabakia 30 lanegunez jendaurrean izango da, otsailaren 7tik zenbatzen hasita. "Epe horretan, interesatuek berau aztertu, eta hala badagokio, ondo deritzoten erreklamazio eta iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte", Udalak otsailaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez ohartarazi bezala. Tarte horretan, halakorik ez balego, behin betiko onartutzat joko da lerrootan mintzagai dugun araudia.

Ordenantzak berak zehazten duen moduan, "Haranen 2 musika entsegu gela intsonorizatu daude". Aurrerantzean, "Usurbilgo Udalak urtero, irailean, gela bakoitzean 8 talderi baimenduko dio erabilera. Guztira, Haraneko entsegu gelak erabiltzeko baimena 16 taldek izango dute". Talde kopurua handiagoa balitz, puntuazio sistema baten bidez erabakiko litzateke nortzuk erabili ditzaketen lokal hauek, udalbatzaren azken osoko bilkuran udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez. Hortik kanpo geratutako taldeekin itxaron zerrenda osatuko litzateke.