Estreinaldi arrakastatsua izan zuen Sutegin ostiral iluntzean, NOAUA! Kultur Elkartearen Kulturaldiaren baitan, "Animo" ikus-entzunezkoaren proiekzioak. Alex Tello Arostegiren lehen film luzea da. Astebete lehenagotik sarrerak agortuak zituen estreinako emanaldiak. Ondorioz, Sutegiko auditorioa goraino bete eta gogotik txalotu zuten Telloren sorkuntza lana.
Harrera beroa egin zioten filmari berari baita egileari eta protagonistari ere. Izan ere, 2017an "Azken muxua" izeneko film laburrarekin ekindako proiektuan, Telmo Irureta aktore ezagunaren interpretazioak beste buelta ematen dio inklusioaren gaiari.
"Urteetako prozesua izan da"
Sortzailea eta protagonista, Alex Tello eta Telmo Irureta hurrenez hurren, proiekzioan bertan izan ziren, amaieran bertako ikus-entzuleen galderak erantzuten. "Urteetako prozesua izan da", zioen Tellok berak ondutako sorkuntza lanari buruz.
Era berean, ordea, horrek denbora hartzea ahalbidetu dio. "Azkenean, denbora asko izan dut gidoia eraikitzeko, istorioa bide batetik edo bestetik eramateko orduan gauzak finkatzen joan ahala... Niretzat zailtasun handiena denboraren kudeaketa izan da".
"Aske egin dut"
Ibilbide luze hau gogora ekarri zuen baita Iruretak. "Egia da, luze jo du, baina proiektua handitzen joan da eta momentu politak bizi izan ditugu. Etxean bezala aritu gara", Alexen zuzendaritzapean. Bere lehen film luzea zuen Tellok kameraren atzealdean. Lehendik aktore gisa jardun ostean, adierazi zuenez nahiago du antzeztu baina "kamera atzean ere asko gozatzen dut". Filmaren ekoizpenari buruz zioenez, "jolas hau makinatzea asko gustatu zait". Bere sorkuntza ibilbidetik asko hartu ditu sorkuntza lan honetarako.
Lagunartean bideratu du Tellok "Animo". Jasotako laguntza horri buruz galdetu zioten Sutegiko ikus-entzuleen artetik. "Lagunen borondatea egon da hor, parte hartzeko prest egon dira. Inplikatu dira, jarri dute haien maitasuna, sinesten zuten filmean". Horrez gain, egileak berak finantzatu behar izan du filma. "Gastua egon da nire poltsikotik, nahiko genukeena baino gehiago gastatu dut. Baina aske egin dut".
Aurrera begira, hein handi batean, Usurbilen eta Aginagan kokatua dagoen filmak ze bide egin dezakeen galdetuta, argi zioen Tellok; "ahoz ahokoak lagundu beharko du". Hartu bezala agurtu zuen Sutegiko publikoak "Animo", txalo zaparrada artean.