Orientazio jolasek indarra hartu dute herrian azken urtean, Santuenea eta Aginagan umeentzat antolatutako jolasekin, eta gaurkoan pausu bat gehiago eman du herriak Gipuzkoako 9. Orientazio Ligako lehen probaren kokagune izanda.
Askatasuna plazatik hasi dira ateratzen partehartzaileak goizeko 10etatik aurrera. Hiru ibilbideren artean aukeratzeko parada izan dute: gorria, ibilbide teknikoa eta kirolarienentzat sortutakoa; laranja, ez hain teknikoa, baina orientatzeko ezagutzak eskatzen dituena; eta horia, hasiberrientzat eta familientzat pentsatutakoa.
Hiru ibilbideetan partehartzaile ugari izan dira. Familia ugari ikusi ditugu haur eta gaztetxoekin, bikoterik ere ez da falta izan, eta bakarrik atera diren ausartak ere izan dira tartean. Probari begira, denetariko partehartzaileak ikusi ditugu: lasai eta mapan kontzentratuta abiatu direnak, korrikalariak, despistatuagoak... Denentzat izan da aukera.
Partehartzaile guztiek SPORTident kronometraje sistema bat eraman dute kontrol guneetatik pasatu direla erregistratzeko, eta hala inork tranparik ez duela egin erakusteko aukera izan dute. Helmugara iristean, deskargatu eta emaitzak ikusteko aukera izan dute.
Amaieran, gustura ikusi ditugu partehartzaileak eta eguneko kirol saioa bikain beteta.