Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen liburu arrakastatsua oholtzara eraman dute Ander Lipus eta bere taldeak gaur arratsaldean Sutegin. Artedramak antzerkira eramandako obrarekin sarrera guztiak salduta zeuden aspalditxotik eta publikoak ez du hutsik egin. Ibrahimaren bidaia eta Euskal Herrian bizitzen nola jarri zen erakutsi digute.
Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du.