Lehenengo proiekzioa arratsaldeko 18:00etan eskainiko da, bigarrena iluntzeko 19:30etan kultur-etxeko auditorioan. Adi, hitzorduotarako gonbidapenak, usurbilkultura.eus plataforman eskuratu ditzakezue. "Gonbidapenak arduraz hartu, ahalik eta jende gehienak joateko aukera izan dezan", eskatu du Udalak.
"Go!azen"-en arrakastaren ostean
Bigarrenez antolatuko da Usurbilen, halako hitzordu bat. Gogoan izango duzue, azaroan ere halako proiekzio bat antolatu zela, orduko hartan, "Go!azen" telesailaren estreinaldiaren harira. Arrakastatsua izan zen, Sutegi bitan bete zuen, gerora Euskal Telebistak eskainiko zuen lehen atalaren emanaldiak. Orduko hura bezalaxe, hau ere, Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) eta Euskal Telebistaren arteko hitzarmenari esker egingo da. Euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzea du helburu, bien arteko iazko lankidetza horrek. "Horren baitan euskarazko telesail arrakastatsuenak udalerri euskaldunetako zinemetan eta aretoetan estreinatzeko lizentzia du UEMAk", "Go!azen" telesailarekin egin zuen bezalaxe azaroan eta hilaren 14an, "Irabazi Arte!"-rekin ere egingo duten moduan.
"Azaroan heldu zen hitzarmenaren lehen emaitza, eta UEMAko kide diren 80 bat udalek Go!azen telesailaren denboraldi berria estreinatu zuten. Ekimenak egundoko arrakasta izan zuen, milaka eta milaka ikuslerekin, eta eskaintza areagotzeko beharra nabarmendu zuten udalek, euskarazko ikus-entzunezkoek izaten duten harrera onari erantzuteko", UEMA-tik jakinarazi dutenez.
Behar horretatik dator orain, Irabazi Arte! telesailaren laugarren denboraldiaren estreinaldia. Azaroan bezalaxe, oraingoan ere UEMA-ko kide diren Euskal Herriko 80 udalerrietan eskainiko da; tartean, aipatu moduan, Sutegin. Telebistan baino astebete lehenago ikusi ahalko da lehen atala, baita EITB-ren Makusi plataforman ere, zinemetan eta areto publikoetan.
"Irabazi Arte! arrakasta handiko EiTBren transmedia proiektua da, eta telesailaz gain baditu beste hainbat euskarri ere: emakumezko kirolari erreferenteak ezagutarazteko podcasta, Nerea Loiolak idatzitako eta Aitziber Alonsok ilustratutako komiki digital interaktiboa, eta eduki ugari sortzen eta zabaltzen duten sare sozialetako kontuak eta kanalak", berri eman du UEMA-k.
Euskarazko edukien hedapena
Euskarazko ikus-entzunezkoak hedatzea xede du UEMA-ren eta EITB-ren arteko lankidetzak.
"Izan ere, azken ikerketek argi erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela. Euskal Herri osoan gertatzen da hori, baita udalerri euskaldunetan ere. Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz UEMAk 2022an argitaratutako ikerketak ere azalarazi zuen pantailetan erdarazko edukiak ikusten dituztela batez ere haurrek, nerabeek eta gazteek, eta horrek eragin nabaria du hizkuntza-ohituretan. Hori aldatzeko ezinbestekoa da euskarazko eskaintza zabaltzea, eta ildo horretan urrats berria egin nahi izan du UEMAk, EiTBrekin sinatu duen hitzarmena baliatuta. Euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza ezagutarazi eta hauspotu nahian, EiTBren Primeran eta Makusi plataformak ere sustatuko ditu UEMAk udalerri euskaldunetan".
SinopsiaZaletuek ongi baino hobeto ezagutuko dituzte telesailaren nondik norakoak, baina hemen xehetasunak. "Printzesak futbol taldeko kideen gorabeherak dira telesailaren ardatza, nerabe eta gazteen ohiko kontuak islatuz: ikasketak, maitasuna, homofobia edota emakume izateagatik jasan beharreko gutxiespena, besteak beste, beti ere suspentsea elikatzen duen gidoiarekin".
Laugarren denboraldi honetan, EITB-k aurreratu duenez, "aurreko denboraldian hainbat galdera erantzunik gabe geratu ziren: Arene ibiltzeko gai izango da? Jonek Martxeloren eta Alaitzen azpijokoak agerian utziko ditu? Zer gertatuko da Lukarekin, jipoia jaso ondoren? Bada, bizimodu berrira moldatu beharko dira protagonistak eta oztopoz beteriko bideari nola egingo dioten aurre ikusiko dugu".