77 ontzi lehiatuko dira 31. Oriaren Jaitsieran

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 10a, 08:52

Otsailaren 15ean jokatuko da 31. Oriaren Jaitsiera, Aginagatik Oriora. Abiapuntu bana izango du proba horrek Mapilen eta Sarikolan.

Gauerdian itxi dute, larunbat honetan, otsailaren 15ean Aginagatik Oriora jokatuko den 31. Oriaren Jaitsieran izena emateko epealdia. Orio Arraunketa Elkartetik jakinarazi dutenez, 77 ontzi lehiatuko dira larunbat honetako edizioan:
-Llagut: 11.
-Jubenilen traineruak: 6.
-Beteranoen traineruak: 31.
-Emakumezko absolutuen mailan 14.
-Gizonezko absolutuen mailan: 15.
Guztira: 77.

Iaz baino hamar ontzi gutxiago lehiatuko dira aurtengo 31. edizioan. Izen-emate kopuruaren baitan finkatu asmo zuten antolatzaileek probaren hasiera ordua. Abiatzeko hitzordua hilaren 15ean, 16:00etan jarria zuen, baina 16:30etan ekingo zaio azkenean probari.

Mapiletik eta Sarikolatik
Ohi bezala, bi modalitateetan lehiatuko dira Oriaren 31. Traineru Jaitsierako parte hartzaileak. Batetik, 4.000 metrokoan lehiatuko dira hainbat parte hartzaile Aginagako Sarikolatik Oriorantz. Gainerakoek 6 kilometroko ibilbidea osatuko dute Mapiletik Oriorantz.

1995ean hasi zen antolatzen Orio Arraun Elkartea, estropaden udako denboralditik haratago, "traineruetan parte hartzen duten arraunlarien prestakuntza fisikoa eta teknikoa urte guztian zehar" lantzen zela ikusirik. Ordutik, parte hartzaile kopurua hazten joan da.