"Robotia", datorren euskarazko film proiekzioa haurrentzat

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 11a, 08:28

Euskarazko film proiekzioen zikloaren baitan, hurrengo hitzordua igande honetarako, otsailaren 16rako programatua dute Usurbilgo Udalak eta Ziortza Gazte Elkarteak.

Negu parteko euskarazko zine zikloaren baitan, Ziortza Gazte Elkarteak eta Usurbilgo Udalak otsailari dagokion proiekzioaren hitzordua zehaztua dute. Igande honetan, otsailaren 16an eskainiko dute hurrengo filma; "Robotia" izenekoa. Sarrerak eskuragarri dituzue 3,50 eurotan usurbilkultura.eus plataforman.

Sinopsia
"Androideek mendean hartutako mundu batean, neska batek futbolean jokatzearekin amets egiten du, familiak debekatu dion arren. Lagunek haren nahia betetzen lagunduko diote, eta elkarrekin, futbol-zelai barruan zein kanpoan egiteko gai direna erakutsiko diete guztiei. Robotiak lankidetza, adiskidetasuna, aniztasunarekiko errespetua eta genero berdintasuna bezalako balioak transmititzen ditu, pertsonaia maitagarri, dibertigarri eta ausarten eskutik".

Testuinguru horretan, "Androidez osatutako mundu batean, bi robot fabrika berean eraikitzen dituzte, material berberekin eta aldi berean. Baina urteak igaroko dira topo egin baino lehen. Alexek fabrikazio-akatsa duela dirudi, eta gurasoek kanpoaldeko herri txiki batera eramaten dute. Bibi, berriz, gurasoek eta irakasleek kontrolatutako ingurune kontserbadore eta exijente batean hazten da. Biek maite dute futbola. Alexek uste du ezin duela jokatu, eta Bibiri ez diote uzten. Hala ere, robot talde zoragarri batekin batera, futbol kantxa batean elkartuko dira".

2024an ekoitzitako animaziozko filmeko pertsonaien ahotsak ezagunak izango dira; Jon Plazaola eta Leire Martinez daude haien artean.