Komunikazio tresna berria du Udalak

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 11a, 09:59

Whatsapp zerbitzua eskainiko du aurrerantzean Udalak albisteen berri emateko.

Komunikazio tresna berria du Usurbilgo Udalak; whatsapp zerbitzua. Aurrerantzean kanal horren bidez ere tokiko erakunde honi lotutako informazioa jaso ahalko da. "Whatsapp kanalarekin albisteak are herritar gehiagorengana iristeko bokazioa du", Udaletik aditzera eman dutenez.

Aldebakarreko komunikazio bidea izango du; alegia, igorleak, kasu honetan Udalak berak soilik zabaldu ahalko ditu mezuak. "Udal-jarduna, ekitaldiak, bandoak edota salbuespenezko ohar edo abisuen berri izateko erabiliko da. Era berean, jarraitzaileentzako segurtasun bermea ere badu, igorleak ezin baitu ikusi kanalaren jarraitzaileen inolako daturik".

Jarraitzailea izan behar
Norbere whatsapp zerbitzuaren bidez Usurbilgo Udalaren berri izateko, aplikazio hau beharrezkoa da noski. Bere baitan, banakako nahiz taldekako mezuak bidaltzeaz gain, kanalak sortu eta gainerakoak jarraitzeko aukera eskaintzen du. Eskaintza horretan izango da, aurrerantzean, Usurbilgo Udala ere. Udaletik zehaztu dutenez, gainera, "Usurbilgo Emakumeon Etxeak eta Aniztasun Kontseiluak ere Whatsapp kanal bana dute".

Udalak herritarrekin komunikatzeko dituen tresnen eskaintzara batu da whatsapp zerbitzua. Gogoan izan, "X, Facebook eta Instagram sare sozialetan" kontu bana du. Horrekin batera, hilero etxez etxe Udalberri aldizkaria banatzen du eta atari propioa du baita sarean, usurbil.eus helbidean hain zuzen.