Zumartek 40 urte

Zumarteren ate irekien eguna larunbatean

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 14a, 09:11

Usurbilgo musika eskola ospakizun betean da. 40. urtemuga ospatzeko hainbat ekitaldi iragarri ditu. Musika instrumentuak sortzeko tailerra izango da guztien artean berritzaileena. Otsailaren 15ean egingo da, Zumarteren egoitzan. Izena emateko azken eguna duzue gaurkoa.

40. urtemuga betean da Zumarte Musika Eskola. Azaroaz geroztik eta ekainera arte, hilero lau hamarkada hauei gorazarre egingo dien ekintza bereziak antolatu asmo dituzte. Izan ere, ibilbide osoan zehar, bidelagun izandako herrian eta herritarrekin ospatu nahi dute 40. urtemuga hori.

Otsailari dagokionean, musika eskolak harrera egin nahi dio Usurbilgo herriari, musika eskola barrutik ezagutzeko aukera eskaini. Horretarako, ate irekien eguna antolatu dute larunbaterako, otsailaren 15erako. Jardunaldi honek bertaratutakoen artean sormena eta musikarekiko interesa sustatzea du helburu, "baita eskolaren eta komunitatearen arteko loturak sendotzea ere".

Bisita gidatuak eta tailerrak
Batetik, bi bisita gidatu programatu dituzte eraikin berria barrutik ikusi eta instalakuntzekin batera instrumentuak ere ezagutarazteko. Eskolako irakasleak ikasgeletan izango dira, "eta Zumarten irakasten diren musika-tresnak aurkeztuko dituzte. Bertaratzen direnek ere aukera izango dute instrumentuak giro hurbil eta parte-hartzailean probatzeko".

Bitartean, haurrentzako musika instrumentu ezberdinak sortzeko tailerrak antolatu dituzte baita. Tailer hauetarako izena otsailaren 9a baino lehen eman beharra zegoen. Aldiz, larunbat goizeko 11:00etan eta 12:00etan egingo diren bisita gidatuetarako ez da izena eman beharrik izango.

Zumartek 40 urte
Otsailak 15, larunbata
Ate irekien eguna:
11:00/12:00 Bisita gidatuak Zumarte Musika Eskolan: eraikina eta instrumentuak ezagutzeko aukera. Ez da aurretik izena eman behar.
Bitartean, instrumentuak sortzeko tailerrak haurrentzat (aldez aurreko izen-ematea itxita):
-3-7 urtekoentzat: marakak egitea.
-8-10 urtekoentzat: flauta egitea.
-11-12 urtekoentzat: korneta egitea.

Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.