Usurbilgo jaiak

Herriko festak antolatzen hasteko lehen bilera irekia gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 13a, 07:25

Usurbilgo 2025eko jaiak antolatzeko prestaketa lanak abiatzear dira. Ostegun honetarako deitu du jai batzordeak lehen bilera irekia.

Usurbilgo 2025eko jaiak prestatzen hasteko garaia heldu da. Gogoan izan, ohi bezala, uztailaren 2a izango da udalerri honetako jaiegun nagusia. Santixabel egun horixe izango da jaiegunetako bat. Hortik aurrera, gainerako ospakizun egunak zeintzuk izango diren, jaiak noiz hasi eta noiz bukatuko diren, egun bakoitzean izango den eskaintza zehazteko prozesua abiatzear da.

Herriko jaien antolatzaileak (eragileak, norbanakoak...) biltzen dituen jai batzordea osatu eta prestaketa lanei ekitear da. Izan ere, gaurko, otsailaren 13rako iragarri dute aurtengo lehen bilkura, arratsaldeko 17:00etan Potxoenean.

Bertan hartuko duten lehenengo erabakietako bat aipatu jaien iraupena izango da, festak noiz hasi eta noiz amaituko diren. Horrez gain, ekitaldien eskaintza zehazteko lanketan murgilduko dira. "Santixabel jaien antolaketan parte hartu nahi duten guztientzako bilera irekia izango da", nabarmendu dute deitzaileek.