Euskal Herriko txoko gehiagotatik heldutakoak ere baziren, baita mundu zabaleko herrialde ezberdinetatik ere. Denak azken urtebetean etorritakoak gure artera. Etxe aldaketak, lanak, familiak... erakarrita heldu dira, guztion bizi proiektuen elkargunea izango da aurrerantzean Usurbil. Denei merezitako ongi etorria eman nahi izan zieten Usurbilgo Udalak eta Aniztasun Kontseiluak otsailaren lehenean, udalbatza aretoan eginiko ekitaldian. "Plazera da mahai hau hala ikustea", adierazi zien Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, ekialdira joandakoei, ongi etorri ofiziala ematearekin batera. Aurrean zuen ekitaldiko irudia nabarmendu nahi izan zuen, areagotzen doan jatorri aniztasunarena. "Guretzat aniztasuna aberastasuna da, ez mehatxua", gogorarazi zuen.
Herrikide izatea, jatorria ukatu gabe
Mundu mailako politika xenofoboak gogora ekarrita, "herri hau harrera herri izan dadin" Udaletik sustatu nahian dabiltzan lanketa azpimarratu zien Usurbilera bizitzera etorritakoei. Udal gobernu taldetik argi adierazi zuten, "edozein dela ere jatorria usurbildarra senti dadila" nahi dute, "norbere jatorriari uko egin gabe".
Herria aurkeztu zien alkateak udalbatza aretoan bildutakoei. Urte gutxitan izan duen biztanle kopuruaren hazkuntza nabarmendu zuen; 6.500 inguru ditu egun udalerri honek, "datu historikoa da, inoiz ez ditu hainbeste biztanle izan". Usurbilgoa euskaraz bizi nahi duen herri euskalduna dela adierazi zien. "Usurbila datozenei geure hizkuntzara hurbiltzeko aukera ematen saiatzen gara, gure herrian integratzeko modu bat baita". Politikoki eta sozialki konprometitua dagoen herria dela ere gaineratu zien. Horren adibide gisa jarri zuen hondakinen kudeaketa eredua. Euskal kulturgintzari estuki lotutako herri bizitza handikoa da Usurbil eta horretan ere azpimarra egin nahi izan zuen. Sagarraren eta sagardoaren kulturan murgiltzeko gonbita egin zien baita.
Udal baliabideak
Herria bera aurkeztearekin batera, gure artera bizitzera datozenek eskuragarri dituzten baliabideen berri eman zuten ekitaldian. Harrera protokoloaren baitan harrera zerbitzua abiarazia du Udalak Usurbilen erroldatzen direnentzat. Aurrez adostutako hitzorduaren bidez, Kalezarko Pelaioenean kokaturiko udal aniztasun saileko teknikariarekin biltzeko aukera dago eta bertan baliabideen gida eskaintzen zaie etorri berriei. Helburua, "finean, herri honetan zer baliabide eta aukera dituzuen ezagutarazi eta laguntzea da". Horien artean, bi nabarmendu zituzten udal gobernu taldetik hilabete hasieran eginiko ekitaldian; batetik, hiztegitxo bat sei hizkuntzetara itzulitako euskarazko oinarrizko hitzekin.
Bestalde, integrazio komunitarioan laguntzeko Udalak Zabalduz kooperatibarekin iaz abiarazitako HarEman mentoretza sozialeko programa aurkeztu zien. Iaz parte hartu zutenei, "herrikide izaten lagundu die eta aurten ere segiko dugu". Parte hartzeko gonbita egin zieten.
Bisita gidatua
Ekitaldia amaitu ostean, udaletxe aurreko plazan albiste honi atxikia duzuen talde argazkia atera eta Usurbilgo erdigunea hobekiago ezagutzeko aukera izan zuten, 650 Usurbil Bizi herri egitasmotik prestaturiko bisita gidatuari esker.
Elizako ondarea edota udalerri honetako kultur sorkuntzaren nondik norakoen berri jasotzeko aukera izan zuten. Alkateak gogorarazi moduan, "herri honek har zaitzatela merezi bezala".