Udala Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren 100. urtemuga ospakizunen babeslea

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 13a, 13:45

Argazkia: Usurbilgo Udala.

Ehun urte beteko ditu abuztuaren 9an Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak. Mendeurren honen harira, ospakizun zikloan murgildu da aipatu federazioa. Abiapuntu gisa, 100. urtemuga ekimenen aurkezpen ekitaldia egin du egunotan Donostiako Atano III.a pilotalekuan. "100 urte ez da helmuga, eta etorkizunera ilusioz beteta begiratu nahi diogu", adierazi dute aipatu federaziotik.

Hitzorduak federazioko kideak, udalerrietako pilota elkarteak, babesleak edota hainbat erakundeetako ordezkari batu zituen; haien artean zen, esaterako, Usurbilgo zein Zubieta Pilota Elkarteko ordezkaritza bat edota Usurbilgo Udala. Udala hain zuzen, mendeurreneko ospakizunen babesleen artean egongo da. Pilota federazioa, bestalde, Zubietako errebote plazako garai bateko neurketa baten argazki bat baliatzen ari da, gipuzkoapilota.eus atarian ziklo honi eskainiko dion atalaren azalerako.

"Urte osoko festa"
Federazioak bidelagun haiei guztiei urteotan eskainitako babesa eta laguntza eskertu zien. Aurtengorako asmoa, "urteko guztiko festa" izatea da. Horregatik, hilero ekintzak izango dira orain hasi eta abuztura arte. Mendeurreneko ospakizunen aurkezpen ekitaldia izan zen lehen hitzordua. Izan ere, bertan aurkeztu zuten 100 urteok oroitarazteko federazioak baliatuko duen irudi berria, lehiaketa bidez hautatua izan dena, Irati Etxeberria Mateosek sortutakoa.

Hurrengo hilabeteotarako "euskal pilotaren iruditeriarekin sortutako karta-sorta; emakume pilotariak protagonista izango diren eguna eta haien ibilbidea jasotzen duen erakusketa; bertso-jaialdi bat; federazioaren historia jasotzen duen argitalpena; espezialitate zaharrenen partida ikusgarriak; jokamolde desberdinen pilota festak; artxibo historikoa jendartera zabaldu, jaialdi bikaina abuztuan..." iragarri dituzte.