Usurbilgo jaiak

Uztailaren 1etik 6ra ospatuko ditugu herriko festak

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 14a, 10:23

Jai batzordeak ostegun honetan estreinakoz eginiko bilkuran erabaki du, Usurbilgo jaiak uztailaren 1etik 6ra ospatzea. Bigarren bilerarako data ere finkatu du.

Jakinmina eragin ohi duen erabakia hartu du Usurbilgo Jai Batzordeak. Izan ere, hainbat herrikide izaten da ezagutzeko gogoz noiz hasi eta noiz bukatuko diren herriko festak, zenbat jaiegun izango dituzten Santixabelek.

Ostegun honetarako, otsailaren 13rako deitua zuen Usurbilgo Jai Batzordeak herriko festak antolatzen hasteko lehen bilkura Potxoenean. Deitzaileek nabarmendu moduan, giro ederrean eta adostasunez bideratu zuten irekia zen lehen bilera hau. Festen ekitaldien antolakuntza lanetan parte hartu ohi duten herri eragile ezberdinetako kideak izan ziren bertan, kultur arloko zinegotzi Jon Mikel Azpiazu Zubeldiak gidatu zuen saioan. Izan ere, herriko festen antolakuntzari lotutako erabakiak hartzeko gunea da jai batzordea. Bilgune irekia da, ekarpenak egin nahi dituen eragile nahiz norbanako orok parte har dezake bertan.

Uztailean
Urtero lehen bilkuran hartzen duten lehen erabakia festen iraupenarena da; Santixabelak noiz hasi eta noiz amaituko diren. Urte batzuetan lehenago hasi eta amaitzen dira, beste urte batzuetan geroago. Uztailaren 2a (udalerri mailako jaieguna) Santixabel eguna noiz egokitzen den, horrek baldintzatu ohi du jaiak noiz hasi eta noiz amaitzen diren herri honetan.

2025eko egutegiari erreparatzen diogu uztailaren 2a asteazkenez egokituko da. Beraz, zalantza zen, aurreko urteen ildotik, ekaineko azken asteburuan hasi eta uztailaren 2 horretan amaituko ote ziren festak edota Santixabel bezperan hasi eta uztaileko lehen asteburuan bukatuko ote ziren.

Albiste honen lerroburuan jaso bezala, erabaki du jada jai batzordeak; 2025eko Usurbilgo jaiak uztailaren 1ean hasi eta 6an amaitzea hobetsi du.

Ekintzen definizio lana
Jabetuko zineten moduan, aurtengoan, beraz, sei jaiegun izango dituzte Santixabelek. Aurreko edizioetan, bost izaten ziren festa egunak. Honenbestez, egun bat gehiago izango du 2025eko edizioak. Horregatik, jai batzordetik aurreratu dutenez, ekintzak egunotan zehar dosifikatu asmo dituzte.

Horixe da hain zuzen, urtero moduan, eman asmo duten hurrengo urratsa; egun bakoitzean zer ekitaldi txertatu erabakitzea. Horretarako, hurrengo bilerarako festen antolakuntzan ekarpenik egin nahi duenari ekintza proposamenak aurkezteko deia egin zaio. Saio guztiak bezala, irekia izango den datorren bilera hori, otsailaren 26an egingo da, asteazkenarekin, arratsaldeko 17:30etan Potxoenean. Egun horretan segiko dute, aspaldiko partez uztailean ospatuko ditugun Usurbilgo festen diseinu lanarekin.