Helduei zuzendutako solasaldi filosofikoaz ari gara. Jakinmin Elkarteak eta Usurbilgo Oinherri Herri Hezitzailea Elkarteak azken urteotan hausnarketarako gune aske hau sustatzeko lanean dihardute Usurbilen, gaztetxo eta helduekin. Hurrengo saioa, ostiral honetarako, otsailaren 14rako iragarri dute, 18:30etan Potxoenean. Hitzordurako gonbidapena aurrez eskura zitekeen usurbilkultura.eus plataforman, jada ezin da.
Saioen abiapuntua hitzorduok gidatzen dituenaren galdera bat izaten da eta hortik aurrera, bertan daudenek hitza hartu eta hausnarketarako bidea zabaltzen dute. Epaiketarik gabe, iritzi eta gogoeten elkartrukeari ekiten diote askatasun osoz saioa amaitu arte. "Pentsatzen ikastea garrantzitsuagoa da zer pentsatu behar dugun jakitea baino, eta hori da gure helburua: apurka-apurka pentsatzen ikastea, galderetatik abiatuz arrazoitzen eta argudiatzen saiatzea. Funtsean, filosofatu egiten dugu eta horretarako denok gara gai!", antolatzaileen esanetan.
Filosofatzearen onurak gogorarazi dituzte. "Filosofatzeak berarekin dakar pentsamendu kritikoa garatzea. Pentsamendu kritikoa beti uste izan duzun hori zalantzan jartzea da, eta beste zerbait pentsatzeko irekita egotea; pentsamendu kritikoa lehenengo erantzunarekin ez konformatzea da eta iruzurrekiko eta ezjakintasunarekiko antidoto gisa funtzionatzen du".