2025ean askotariko egitasmoak bideratzeko dirulaguntza deialdien oinarriak kaleratu zituen Usurbilgo Udalak pasa den ostiraleko, otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.
Laguntza lerro hauetara guztietara eskabideak aurkezteko epealdia zabalik duzue dagoeneko, kasu gehienetan, martxoaren 14ra arte. Beste dirulaguntza deialdietan parte hartzeko tartea gehiago luzatuko da.
Gogoan izan, Dirulaguntza Plan Estrategikoaren baitan, 2025eko eranskinaren alde bozkatu zuen udalbatzak abenduaren 19ko osoko bilkuran. Ondorioz, guztira, aurten, 1.035.660 euro banatuko ditu dirulaguntzetan Udalak. Erabaki haren onarpena ofizial egin zuen Usurbilgo Udalak, urtarrilaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.
Honako dirulaguntza lerroetara aurkeztu ahalko dira eskabideak:
Etxebizitzan igogailua instalatzeko dirulaguntzak
Onuradunak:
-Erabilera nagusitzat etxebizitza erabilera duten bi solairu edo gehiagoko eraikinetan igogailua jartzeko jarduketen titularrak.
-Ezin izango dute dirulaguntzarik jaso igogailua aldatzen dutenak, ezta, oro har, promotoreek beraiek edo kontratistek eraikuntza berriko eraikinetan igogailua jartzeko jarduerak. -Salbuespena izango dira egun igogailua duten bizitegi eraikin kolektiboak, zeinetan igogailuaren instalazioa irisgarritasun unibertsala bermatzeko berreraikitzen den.
Baldintzak:
-Etxebizitzaren jabe izatea.
-Usurbilen, igogailua jarri nahi den etxean gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin erroldatua egotea eta bertan bizitzea.
-Bigarren etxebizitzaren jabe ez izatea.
-Igogailua jartzeko obra amaitua izatea eta igogailua martxan jartzeko Usurbilgo Udalak emandako lehen erabilera baimenaren ziurtagiria izatea oinarri hauek argitaratu aurreko urtean; edo urte berean, beti ere oinarri hauek argitaratu aurretik.
Epea: 20 egun baliodun otsailaren 15etik zenbatzen hasita.
Laguntza: gehienez 1.000 euro eskaera bakoitzeko.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntzak
Laguntza: eskaera egiten dutenen ohiko bizilekua den etxebizitzaren 2024. urteko urtarriletik abendurako alokairuaren zati bat ordaintzen lagunduko da.
Baldintzak:
-Etxebizitzak Usurbilen erroldatua egon beharko du (onuradunek etxebizitza hauetan erroldatuak), udal erroldan eta katastroan alta emanda.
-Alokairu-kontratuak gutxieneko urtebeteko iraupena izan beharko du eta hileroko errentak ez dira 1.000 euro baino gehiagokoak izango.
-Diruz lagundu daitekeen kontzeptutik kanpo geldituko dira garaje eta komunitate eta administrazioko gastuak, bai eta kontribuzio edo zerga kontzeptupean sor daitezkeenak ere, dagokion kontratuan berariaz sartuta egonda ere.
-Dagoeneko etxebizitza errentan hartuta izan behar dute eta horretara bideratuak dauden gainerako laguntzetarako eskubiderik ez dute izan behar.
Laguntza: hileko errenta konputagarriaren ehuneko bat izango da, eskaera bakoitzeko hileko hainbat euroko gehienezko muga izango du, eta gehienez hamabi (12) hilabeterako emango da, diru-sarreren arabera. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoak ezingo du gainditu hileko errentaren %50a.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Gizarte Ongizateko dirulaguntzak
Xedea: diruz lagunduko dena da Gizarte Zerbitzuen arloan ekimenak garatzea, baldin eta Usurbilgo Udalak egiten dituen ekimenen osagarri badira edo ordezkatzen badituzte edo erabilera publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak badira eta, beti ere, deialdi honetan ezartzen diren baldintzak kontuan izanda. Merkatal enpresak deialdi honetatik kanpo geratuko dira.
Irizpideak: ekintza edota proiektuaren hartzaileak, jardueraren ezaugarriak eta eragina, genero ikuspegia txertatzea.
Dirulaguntzaren ordainketa: %50a dirulaguntza emandakoan, gainerako %50a aurrekontuari dagokion onartutako gastua justifikatutakoan, beranduenez 2026ko urtarrilean.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Ingurumeneko dirulaguntzak
Xedea: Usurbilgo Udalaren 2025eko ingurumen dirulaguntzen oinarri erregulatzailea ezartzea, norgehiagoka erregimenean 2024 edo/eta 2025. urtean zehar ingurumen arloan egitasmoak burutu dituzten erakunde publiko nahiz pribatuei zuzenduta.
Laguntzak:
-Elkarteen egitasmoetan: gehienez kostu osoaren %90a.
-Norbanakoen kasuan gehienez, %50a, eskatzaile bakoitzari gehienez 2.000 euro.
-Lehentasunezko ekintzak: pobrezia energetikoari, energia kontsumoaren murrizketari, dibulgazio ekimenei, bioaniztasun, ondare natural, hondakin, aire kalitate eta kutsaduraren inguruko proiektu eta ekintzen garapenari edota etxeetako ur-saneamendu azpiegituren egokitze eta/edo berritze lanei lotutakoak.
-Dirulaguntzen %100a emango da jakinaraztearekin batera ekintza gauzatu bada, bestela %80a aurrez eta %20a zuriketa egindakoan.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Kirol saileko dirulaguntzak
Eskabideak aurkezteko epea: irailaren 17a (bi urte naturaleko jardueren kasuan), 2026ko urtarrilaren 9a (urte naturaleko jardueren kasuan).
Ohiko dirulaguntza zuzenak:
Xedea: Usurbilen jarduten duten kirol taldeei norgehiagoka erregimenean, 2025. urtean (edo denboraldia 2025ean amaitzen denean), kirol arloan egitasmoak burutzeko dirulaguntzak ematea.
Dirulaguntza: 60.000 euro.
Banaketa:
-%35a denboraldiko lizentzia kopuruentzako, federazioak egiaztatuta. Federatuek Buruntzaldeko abonatuak behar dute izan.
- %22a, denboraldiko kirol lizentziak sortzen duten gastuetarako, federazioak egiaztatuta. Mendiko kirol lizentzien gastuak ez dira kontuan hartuko.
-%22a denboraldiko arbitraje gastuetarako, federazioak egiaztatuta.
- %5a kalitatezko entrenatzaileak sustatze aldera, entrenatzaile tituludun kopuru eta mailaren arabera.
-Dirulaguntzaren %3a autofinantziaziorako.
-%8a bidaia gastuentzako.
-%5a aurreko gastuez gain, beste gastuentzako.
Kirol egokitutako jardueretarako:
Xedea: Usurbilen jarduten duten kirol egokitutako jarduerei dirulaguntza zuzenak ematea.
Partida: 3.000 euro.
Puntuazio bidezko balorazioa:
-Ohiko ekimenak, ezohikoak.
Ordainketa: %50a dirulaguntza ematerakoan, gainerako %50a aurrekontu osoari dagokion gastua justifikatutakoan, beranduenez 2026ko urtarrilean.
Kirol elkarteenak ez diren kirol jardueretako ohiko dirulaguntzak:
Xedea: Usurbilen kirol elkarteak izan gabe antolatzen diren kirol jardueretako dirulaguntza zuzenak ematea.
Kopurua: 2.000 euro.
Balorazio irizpideak:
- %60ko laguntza diru-sarrera duten ikastaroentzat (gehienez 100 euro).
- Kontuan hartzeko beste irizpideak: autofinantzaketa maila, jarduera egitekoa den tokia herriko kaskotik urruntasuna, kirol materialaren erosketa…
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Kultur egitasmoetarako dirulaguntzak
Xedea: Kultura Sare eraldatzailea, dinamikoa eta parte-hartzailea sustatzea; kultur eskaintza erakargarria, anitza, hurbila eta eskuragarria sortzea; herritarrek ongi pasatzera bideratua dagoena eta era berean, bertako kultura balioan jarri eta gizarte integratzailea eraikitzen lagunduko duena. Diruz lagunduko dena da kultura arloan ekimenak garatzea, baldin eta Usurbilgo Udalak egiten dituen ekimenen osagarri badira edo ordezkatzen badituzte edo erabilera publikoko edo gizarte-intereseko jarduerak badira eta, betiere, deialdi honetan ezartzen diren baldintzak kontuan izanda.
Laguntzaren zenbatekoa: 95.000 euro.
Baloratzeko irizpideak:
-Ikastaroak: gehienez %60ko laguntza, gehienez 100 euro. Diru-sarrera izan behar dute.
-Irteerak: gehienez %10eko laguntza.
-Kanpamentua, udako ekintzak, txokoak…: gehienez %60ko laguntza. Diru-sarrera izan behar dute.
-Gainerako kultur ekintzak: gehienez egindako eskaeraren %95eko laguntza. Beste era bateko irizpideekin baloratu ahalko da, 2.000 eurotik gorako dirulaguntza eskaria.
-Elkartearen aseguru gastuak: gehienez %50eko laguntza.
Ordainketa: %75a dirulaguntza jakinaraztearekin batera, gainerako %25a aurrekontuari dagokion gastua justifikatutakoan, beranduenez 2026ko urtarrilean.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Nekazaritza eta abeltzaintza saileko dirulaguntzak
Balorazio irizpideak: gehienez ere kostu osoaren %50a izango da, eta eskatzaile bakoitzari gehienez 2.000 € emango zaizkio.
Diruz laguntzeko lehentasunezko ekintzak: 28 urtetik beherako nekazarien ustiapen berriak, hildako animalien kudeaketa, ekoizpen ekologikoa, sagastien landaketa, erlegintza, emakume nekazarien ekintzak, baserritarren lan-baldintzen hobekuntza, tokiko produktuen kontsumoa, tokiko abere arrazen sustapena, nekazarien prestakuntza...
Ordainketa: dirulaguntzaren %100a, jakinarazpenarekin batera.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Lokal komertzial hutsetan jarduera ekonomiko berriak abiarazteko dirulaguntzak
Xedea: hasierako gastuak eta alokairu edo erosketa gastuak.
Partida: 27.800 euro (11.000 euro hasiera gastuetarako eta 16.800 euro bi urteko alokairu edo erosketa gastuetarako).
Lehentasunezko egitasmoak: eskaintzen ez diren zerbitzuak, ixtera doazen edo itxi berrien jarraipenekoak.
Banatuko diren laguntzak: gehienez 5.500 euro proiektuko hasierako gastuetarako eta 8.400 euro (4.800 euro lehen urtean eta 3.600 euro bigarren urtean) alokairu edo erosketa gastuetarako.
Eskabideetarako epealdia: irailak 30 (lehen ebazpena maiatzaren 31ra arteko eskabideekin, bigarrena irailaren 30era artekoekin).
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Hasiz Hazi dirulaguntza deialdia
Xedea: 2025 urtean, jarduera proiektu bat duen ekintzaileari, Kabiene elkarteak duen elkarlan-gunearen egonaldi eta erabilera diruz ordaintzeko. Elkarlan gune hau, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izango da. Dirulaguntzaren onuradunek bertan lanean ari diren kideen esperientziatik ikasi ahal izango dute eta harreman-sare indartuago batekin ekin ahal izango diote lanari.
Lehentasunezko baldintzak: Beterri-Buruntzako udalerriren batean erroldatua egotea, enpresa proiektu berri bat garatzen aritzea…
Partida: 4.500 euro.
Dirulaguntzaren zenbatekoa: gehienez 1.742,40 € urte osorako.
Dirulaguntzaren ordainketa: %80a dirulaguntzaren ebazpena jakinarazterakoan, gainerako %20a memoria eta agiriak aurkeztu ostean.
Eskabideetarako epealdia: irailak 30 (lehen ebazpena maiatzaren 31ra arteko eskabideekin, bigarren irailaren 30era artekoekin).
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Kultur sorkuntzarako dirulaguntzak
Xedea: Usurbilgo artistei sorkuntza prozesuetarako dirulaguntzak ematea.
Diruz lagunduko diren 2025eko egitasmoak: arte eszenikoak eta performatiboak; arte plastikoak; musika-arteak; literatura-arteak; ikus-entzunezko arteak; beste zenbait kultur adierazpen artistiko.
Partida: 15.000 euro.
Dirulaguntzaren zenbatekoa: gehienez 3.000 euro eskatzaile bakoitzeko.
Dirulaguntzaren ordainketa: %75a dirulaguntzaren ebazpena jakinaraztearekin batera, gainerako %25a aurrekontu osoari dagokion gastua justifikatutakoan.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Desgaitasuna edota mendekotasuna duten adin txikikoen osasun egoera hobetzeko tratamenduetarako dirulaguntzak
Kontuan hartuko diren tratamenduak: fisioterapia, terapia okupazionala, osteopatia, logopedia, psikomotrizitatea, psikoterapia-psikologia, terapia bereziak eta optometria-terapia bisualak.
Onuradunak: ezgaitasuna edota mendekotasuna duten adin txikikoen guraso edo tutoreak.
Baldintzak: Usurbilen erroldatua egotea, tratamenduaren hartzailea 0-18 urte artekoa izatea, ezgaitasun edo mendekotasun agiria izatea…
Dirulaguntzaren zenbatekoa: 400-600 euro eskaera bakoitzeko.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Gizarte-bazterkeriaren aurkako dirulaguntzak
Xedea: oinarrizko beharrak asetzea da, baliabide ekonomikorik ez eta bestelako laguntzak jaso ezin dituzten pertsona edo familiei zuzenduta daude. Lehen mailako premiak (etxebizitza, mantenua…) eskuratzeko bidea erraztea, beste administrazio batzuen bidez ematen diren prestazioak eskuratu ezin direnean.
Diruz lagunduko diren gastuak: etxebizitza eskuratzeko sarrera gastuak, medikazioa, diruz lagundu gabeko hezkuntza eta justizia gastuak, ohiko egunerokoak…
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Deserrotze eta baztertze sozialeko arriskuan dauden pertsonen senideei erantzuteko dirulaguntzak
Nori zuzenduak: 2024ko joan-etorrien gastuetan, batetik, Usurbiltik kanpo dauden pertsonen senideei eta, bestetik, erabaki judizial bat betetzearen ondorioz (sartzea zentro psikiatriko batean, kartzelan, drogamenpekotasun zentro batean) aldi batez haien ingurune familiarrera etorri ezin diren pertsonen senideei.
Dirulaguntzaren ordainketa: %100a ebazpena jakinaraztearekin batera.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol arloko dirulaguntzak
Lagunduko diren egitasmoak: laguntza bereziak (6.000 euro), taldeetako prestakuntza teknikoak (1.000 euro), kirolarien oinarrizko osasun miaketak (5.000 euro), eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko dirulaguntzak (5.000 euro).
Eskabideak aurkezteko epealdia: azaroak 12.
Informazio gehiago: otsailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Eskabideak:
-Presentzialki udaletxeko erregistroan (Joxe Martin Sagardia plaza z/g).
-Telematikoki usurbil.eus atarian.