Igandeko kantu-jira bereziaren aurreko azken entsegu saioa gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 17a, 08:08

Larunbatean ez, datorren igandean egingo den kantu-jira bereziaren aurreko azken entsegu saioa egingo du astelehen honetan, otsailaren 17an, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak.

Urtarrilean ekin zion ikasturte berriari Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoek. Hamazazpigarren denboraldi berriko lehen kantu-jira egin zuten baita iragan hilabete amaieran. Palestinar banderekin hango herriari elkartasuna adierazi nahi izan zioten, pairatzen ari direna salatzearekin batera.

Otsaila hitzordu berezi batekin abiarazi zuten. Hilaren 4an, Santa Ageda bezperarekin batera plazaratu ziren koplatan, trikitilari eta bertsolariak bidelagun zituztela, hitzordurako egoki jantzita. Lurra esnatzeko makilen kolpe hotsen erritmora osatu zuten Egurtzegin hasi eta Mikel Laboa plazan amaitutako kalejira.

Hilabete honi dagokion beste hitzordu bat ere antolatua du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Izatez, azken larunbat honetarako zuten iragarria otsaileko kantu-jira. Aldiz, ezohikoa izango da kalejira hau ere. Izan ere, egun bat atzeratu dute hitzordua. Hilaren 22an ez, otsailaren 23an egingo da. Horrekin batera, bidelagun berriak izango dituzte kantu-jira horretan, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideek; Sopela Kantari eta Kilometrokantu Basauri kantu taldeak.

Hitzordu hau prestatzeko, astelehenero bezala, entsegu saioetarako elkartuko dira astelehen honetan ere, Agerialdeko musika gelan.

Usurbilgo Euskal Kantu Taldearen hitzorduak
Astelehenero...
18:00-19:00 Ikastaroko saioak Agerialdeko musika gelan.

Otsailak 23, igandea
12:00-14:00
Kantu-jira berezia Mikel Laboa plazatik.
Zehaztasunak: oraingoan, Sopela Kantari eta Kilometrokantu Basauri kantu taldeak bidelagun izango ditu Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak.
Nori zuzendua: herritar orok parte har dezake. "Har ezazue kantu liburuxka eta zatozte elkarrekin kantatzera".
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.

Martxoak 29, larunbata
12:00-14:00 Kantu-jira Mikel Laboa plazatik.
Nori zuzendua: herritar orok parte har dezake. "Har ezazue kantu liburuxka eta zatozte elkarrekin kantatzera".
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.