Udal ordenantza bat eguneratzeari baiezkoa eman zioten urtarrilaren 30eko udalbatzaren osoko bilkuran. Izan ere, 2001. urtetik indarrean zen Usurbilgo "hiri trafikoko, motoredun ibilgailuen zirkulazioa eta bide segurtasuna arautzeko" ordenantza berritua hasieraz onartu zuen udalbatzak aho batez. Araudi honen hasierako onespena jendaurrean jarriko da bihartik, otsailaren 18tik aurrera, erreklamazioetarako 30 lanegunez. Tarte horretan halakorik egongo ez balitz, ordenantza hori behin betiko onartutzat joko da.
Eguneratzeko
Erabaki hau hartzeko beharra, "ordenantza oinarritzen den zenbait lege iraungita daudelako eta beste batzuk daudelako" eta "urte hauetan guztietan herriko bideetako zirkulazioa eta segurtasunarekin zerikusia zuten aldaketak gauzatu direlako" da.
Horren haritik, udaltzainburuak araudi hau berritzea proposatu zuen eta horixe da udalbatzak iragan astean aho batez onarturikoa. Araudi eguneratu honen aldaketak bi dira nagusiki. Batetik, "Bide Publiko jakinetan ibilgailuen aparkamendua mugatzea" erabaki dute hasieraz; urdinez margoturiko Merkataritza Guneak izendatutako eremuetako aparkalekuak hain zuzen. Bestalde, oinezkoak lehenetsiko dituen eremuak arautzea ere proposatzen du araudi aldatuak, "orain arte jaso gabekoak" udal gobernu taldetik azaldu zutenez. Horien artean da, Kalezarko Belmonte kalea oinezkotzeko egitasmoa. Hau bideratzeak ezinbesteko egiten zuen ordenantza hau ere onartzea.