"Heriotzak Eduardo du izena" antzezlana ostiralean

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 17a, 09:25

Formol Laborategikoen eta Susa Argitaletxekoen sorkuntza lana otsailaren 21ean eskainiko dute Sutegin. Sarrerak eskuragarri dituzue.

Antzezlana ostiral honetan, otsailaren 21ean Sutegin, Formol Laborategikoen eta Susa Argitaletxekoen eskutik; "Heriotzak Eduardo du izena" emanaldia eskainiko dute.  "Mundu Poesia Kaierak poesia liburu bildumak 10 urte betetzen dituen honetan, Susako lagunek bizirik dauden poetak hil nahi zituztela esan zieten Formoldarrei. Haiek metaforikoki esan omen zuten, baina Formolekoek lana serio hartu dute…".

Sutegiko auditorioan oholtzaratuko duten sorkuntza lana "esperimentu bat da, soinu instalazioa, performancea eta antzerkia uztartuko dituena, fisikoa eta birtuala denaren arteko mugak esploratuz eta publikoa eta eszenatokiaren arteko barrera tradizionalak ezabatuz. MPK jolas eszeniko bilakatu da".

Poemek gai unibertsal eta sakonak lantzen dituztela diote sortzaileek; "hala nola, bizitza eta heriotza, eztanda eta bakea, gelditasuna eta bibrazioa edota isiltasuna eta kantua bezalako dualidadeak. Horiek proposamen dramaturgiko bilakatu dira, bizipen sensorial bat eragiteko paisaia (edo pantaia) bat marraztuko da oholtzan, bideojoko batean bezala".

Emanaldirako sarrerak 8 eurotan eskura ditzakezue usurbilkultura.eus plataforman.