Elkargunearen aurkezpena larunbatean

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 18a, 07:57

Elkargunea osatzen duten eragileek herri egitasmo horri buruzko hainbat xehetasun aurkeztuko dituzte larunbat honetan, otsailaren 22an Sutegin.

Barne lanketan aritu dira orain arte. 2024. urte amaieran antolaturiko topaketen bidez, duela bizpahiru urte hasitako lankidetzan jarraitzen zutela jakinarazi eta egitasmoa eraikitzen segi eta herriratzeko topaketak antolatu zituzten, tailer, kantu saio, erakusketa, azoka edota asanbladekin.

Beste urrats bat ematera doaz laster, plazaratze bide horretan hain zuzen. Elkargunea egitasmoaz ari gara. Proiektu horri buruzko hainbat xehetasun plazaratzeko aurkezpen ekitaldia iragarri dute sustatzaileek otsailaren 22an, eguerdiko 12:00etan Sutegiko auditorioan.

Ekitaldiko deitzaileak hain zuzen, Udala, Gaztelekua, Ziortza Gazte Elkartea, Kulturgunea eta Aztarrika Gazte Asanblada dira, Elkarguneko bultzatzaileak aipatu moduan. Urte garai honetan hasi zuten iaz, udaberri amaierara arte Elhuyarrek dinamizaturiko partaidetza prozesua. "Prozesu hark emandakoak ez ezik, eraikinaren proiektua, izena, marka eta hurrengo urratsen berri emango dute" hilaren 22an, deitzaileek iragarri dutenez.

Plazaratuko dituzten gai horien artean dira, aurreratu dutenez, besteak beste, proiektuaren izena ezagutaraziko dute. Izan ere, iaz, Elhuyar bidelagun zutela, "proiektuari izena jartzeko ekarpenak jasotzeko epe bat ere jarri zuten. Izen horren berri ere emango dute, aurkezpenean". Horrekin batera, eraikinaren proiektua bera, marka ere aurkeztuko dute, aurrera begira eman asmo dituzten hurrengo pausoak zeintzuk diren jakinaraztearekin batera.

Eraikitze lanak 2026an
Izan ere, bi prozesu jorratu dituzte azkenaldi luzean; batetik, eraikinaren beraren proiektua eta egitasmoaren beraren edukia. Gogoan izan, anbulatorio ondoko zelaian kokatuko dute Elkargunea. Hala adostu zuten aipatu herri eragileek eta Udalak, duela urtebete kokagune horretan bertan egindako agerraldian. "Udalak, eraikin berriak egin baino lehen, erabiltzen ez diren eraikinak berritzea du irizpide nagusitzat, baina, kasu honetan, Usurbilen ez dago eragileek irudikatutako espazio berri horren ezaugarriak betetzen dituen areto edo eraikinik, eta, beraz, berri bat egin behar da”, gogorarazi dute. Gune horren beharra aldarrikatu izan dute baita, Elkargunearen kide diren Gaztelekuak, Ziortzak, Kulturguneak eta Aztarrikak, hainbat egitasmo bideratzeko edota baita eragile hauen guztien arteko lankidetza sustatzeko.

Horren harira, Udaletik berri eman dutenez, "Udalak, orain, eraikinaren exekuzio proiektua idazteko eta obra zuzendaritza esleitzeko lizitazioa abiatuko du: ondo bidean, udaberrirako aukeratuta izango du talde irabazlea. Horren ostean, esleipendunak exekuzio proiektua idazteko sei hilabeteko epea izango du, eta hori eskuratutakoan abiatu ahal izango du udalak obrak esleitzeko prozesua. Udalaren aurreikuspenen arabera, 2026an hasi ahal izango dira obrak".