Otsailaren 19ra arte

Ziortzaren elkarbizitza asteburuan izena emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 19a, 08:12

LH 5 eta 6 mailakoei zuzendurikoentzako Beizamako aterpetxean antolaturiko elkarbizitza astebururako izena asteazken hau baino lehen eman beharko da.

Aurten ere bai, elkarbizitza asteburua antolatzea erabaki du udaberriko oporraldian Ziortza Gazte Elkarteak, "aurreko urteetan antolatutako Aste Santuetako ekintzak gaztetxoen artean izandako harrera eta arrakasta ikusita".

LH 5 eta 6 mailetakoei zuzenduriko aurtengo asteburu pasa Beizamako aterpetxean antolatu dute, apirilaren 25etik 27ra. "Aurten Beizamako aterpetxean igaroko ditugu hiru egunak. 25 goizean elkartuko gara eta 27 arratsaldera arte prestatu dugun ekintzez beteriko programaketa zabalaz gozatzeko aukera izango dugu". Parte hartzeko gonbita egin dute antolatzaileek, "primeran pasako dugu!", jakinarazi diete interesdunei. 

Galdetegia
Bi hilabete barru izango den arren, asteazken hau, otsailaren 19ko iluntzeko 21:00ak baino lehen eman beharko da izena. Izena emateko galdetegi hau osatu beharko da; https://forms.gle/gwVnD25H8GCsa18w6

Bestela, albiste honetan beherago duzuen QR kodea ere sortu du Ziortzak. Hori mugikorrarekin eskaneatuta galdetegi horretara heltzeko aukera egongo da.

Plaza kopuru mugatua
"Elkarbizitzak bi gau, autobus zerbitzua eta otorduak barne (lehenengo eguneko bazkaria etxetik eraman beharko da) 70€-eko kostua izango du", ohartarazi dute Ziortzatik. Plaza kopuru mugatua izango du ekimenak. Honenbestez, "eskainitako plaza guztiak betetzean izen-ematea itxi egingo da. Plazak izen-ematearekin batera esleituko dira; hau da, ez da zozketarik burutuko".

Izena emateko epealdia igaro ostean, eta apirila amaierako asteburu horren aurretik, "izena eman duten gaztetxoen gurasoekin bilera bat egingo dugu informazio gehiago helaraziz; hala nola, irteera eta itzuleraren ordu zehatzak, eraman beharrekoak...".

Ekimenari buruzko argibide gehiago ziortzage@gmail.com helbidera idatzita jaso ahalko dira.