Abian da iazko urte amaieratik Euskal Herriko Mus Txapelketaren hamaseigarren edizioa. Ohi bezala, nazio mailako lehiaketa herriz herriko kanporaketekin abiatzen da. Gero herrialde mailakoak jokatzen dira eta azkenik, final nazionala.
Herriz herriko sailkapen saioen fasean da egun aipatu mus txapelketa eta ohi bezala, tarte horren baitan, Usurbilen ere antolatzen dute Gipuzkoa mailako finalera igaro ahal izateko udalerri mailako lehiaketa. Bi berrikuntza nagusi dakartza aurtengoak; izan ere, ezohiko egun eta tokietan egingo da.
Ostiral iluntzeetan jokatu izan den mus txapelketa hau, oraingoan, igande bazkalostean izango da, martxoaren 2an. Horrez gain, Aitzagan egin izan den lehiaketa, herriko tabernetara hedatuko dute eta, beraz, leku batean baino gehiagotan egingo da lehiaketa.
Aipatu bezala, beraz, martxoaren 2an izango da Euskal Herriko 16. Mus Txapelketako Usurbilgo kanporaketa. Parte hartzeko asmotan diren bikoteek egun horretan, 16:00-16:30 artean eman beharko dute izena Benta tabernan, 20 euroren truke.
Bruño Mariskoak eta Aginaga zein Saizar sagardotegiek lagunduko dute ekimenean.
220 herrietan
Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko borondatetik sortu zuten Euskal Herriko Mus Federazioa eta bilgune hori da txapelketa nazional hau bideratzen duena. "Zazpi herrialdetako muszale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz gaindik, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dugu gure jarduna eta aldi berean nazio kontzientzia indartu. Musean jokatzeko dauden modu eta ohitura ezberdinei lekua eskaintzen diegu herrietako kanporaketetan eta ondoren, guztientzako joko arau eta irizpideak bateratu eta bat eginik antolatzen dugu Euskal Herri osoko txapelketa".
Euskal Herriko 220 bat herrietara hedatzen da lehiaketa hau. 4.000 pertsonek parte hartu ohi dute.
Euskal Herriko 16. Mus Txapelketa
Martxoak 2, igandea
16:00 Usurbilgo kanporaketa herriko tabernetan. Izen-ematea 20 euroren truke Bentan.
Martxoak 22, larunbata
Zazpi herrialdeetako finalak; Gipuzkoakoa, 15:30etan Itsasondoko plazako frontoian.
Apirilak 5, larunbata
Finala Araban: Zigoitiako Gopegin.
50.000 euro baino gehiago sarietan:
-Txapeldunak: txapela, garaikurra, 3.000€ eta nazioartera* bidaia lau lagunentzat. (*KARIBERA dena barne).
-Txapeldunordeak: garaikurra, 1.500€ eta bi lagunentzat nazioartera* bidaia. (*KARIBERA dena barne)
-3. bikote sailkatua: 750€ eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat
-4. bikote sailkatua: 500€ eta euskaraz ikasteko urte osorako bi matrikula.
-5.etik 8.era sailkaturiko bikoteentzat 250€.
-9.etik 16.era sailkaturiko bikoteentzat 100€.
-Herrialdeko finaletan: txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkari eta afariak...
-Parte hartzaile bakoitzarentzat kamiseta bat parte hartzea eskertzeko.
Informazio gehiago: ehmus.eus