Oiardo kiroldegiak sarbide berria du gaurtik. Izan ere, aurrerantzean, orain arte bezala, abonatu txartel fisikoarekin edota QR bidez ere sartu ahalko da udal instalakuntza hauetara. Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez, "gaurtik martxan da kiroldegiko instalazioetara QR bidez sartzeko aukera".
QR-a eskuratzeko, "NIK patrika digitala izeneko APP-a deskargatu behar da, eta BAKQ bidez identifikatu". Ezinbestekoa izango da hala egitea. Bestela, "BAKQ gabe ezingo da QRa eskuratu", argitu dute. Familia abonuen kasuan, "gurasoei familiako txartel guztiak deskargatuko zaizkizue".
Eskualdean ere erabilgarri
QR sistema hau Usurbilgo Oiardo kiroldegian soilik ez, kirol zerbitzuak lankidetzan eskaintzen dituzten Buruntzaldeko lau udalerrietan izango da martxan; Usurbilez gain, Andoainen, Lasarte-Orian eta Urnietan.
Argibide gehiago behar duenak, "kiroldegiko harreratik pasa", galdegin dute. QR sistema baliatzeko aukera eskaini arren, txartel fisikoa erabiltzen segi ahalko da orain arte bezala.