"Duela urte asko, denbora behe-lainoaren atzean ezkutatzen zen garaietan, basurdeak ziren Andatza mendiaren jabe, eta denen buru Urde. Bere presentzia hutsak halako izua sorrarazten zuen ingurukoengan. Zazpi gizakumeren altuera zuen, ile zuri lakarra, letagin ikaragarriak, matraila sendoa eta begirada hotza. Andatzara joaten ziren usurbildarrek bazekiten nondik ibili Urderekin ez elkartzeko. Belaunaldiz belaunaldi etxeetan hitz egiten zen Urderi buruz. Nola hark menditik zaintzen zituen inguruko lurrak eta herritarrek esker oneko izan behar zuten bere babesagatik. Halere, neguko hotzak oraindik bere atzaparrak ezkutatu gabe zituela, sabel hutsarekin orroka hasten zen eta arrapaladan jaisten zuten mendia beheko lurretara gosea ase nahian. Urdetxoek buruzagiaren etorrera iragarriz, eroen abangoardia ziruditen, aztarrika eta orroka inguruko denak izutuz, umeak negar malkotan utziz eta helduak ikusten zutenaz atsekabetuz. Eta denen atzetik, Urde buruzagia".
Tokikoa sustatzea
Hala abiatzen da "Urderen kondaira" eta Usurbilgo herri inauterien sorrera. Kondairak segida, otsailaren 28an izango du, Orbeldik hainbat herri eragilerekin lankidetzan antolaturiko herri inauterietan. Usurbilgo hitza hizki larriz nabarmendu beharrekoa dugu lerrootan azalduko dizuegunagatik. Hainbat urte badira herriko dantza taldea "euskal giroko inauteriak" plazaratzen hasi zenetik. "Lehenengo urteetan saiatu ginen beste herrietako inauteriak Usurbila ekartzen", duela urtebetera arte. Izan ere, iaz, "gurea sortzen hasi behar genuela erabaki genuen; geure pertsonaiak, geure istorioa, geure dantza", Orbelditik NOAUA!ri azaldu diotenez. Hor sortu eta plazaratu zuten estreinakoz 2024ko mozorro festari ekiteko, "Urderen etorrera". Eguraldiak ez zuen behar bezala lagundu eta ezin izan zuten aurreikusitako kalejira bere osotasunean egin. "Kalejira motza egin genuen, bi geldialdirekin soilik", Orbelditik oroitarazi dutenez.
Errotzea erronka
Aurten, are apustu sendoagoa egin dute herri inauterion alde. "Festa handia prestatu dugu", berri eman dute Orbelditik. Urderekin batera bost pertsonaia sortu eta herri eragile