Usurbilgo herri inauterietan murgilaraziko gaituzte herri eragile hainbatek lankidetzan plazaratuko duten Urderen etorreraren kondairarekin. Sei pertsonaia sortu dituzte; Andatzan bizi den Urde, Aranerrekako lamiak, Txokoalde zein Aginaga aldeko anguleroak, Kalezarko harrapariak, inauterien zain diren zakuak eta Urderen laguntzaile adarjotzaileak. Ondoko argazkiotan duzue haietako bakoitzaren itxura.
Gutako bakoitza ere haiek bezala mozorrotu eta otsailaren 28an 18:30etan Agerialdetik abiatuta herrian barrena egingo den herri kalejiran barneratzeko gonbita egin digute antolatzaileek, gonbidapen bikoitza hain zuzen. "Nahi duguna da herritarrek mozorrotuta parte hartzea", animatu dute antolatzaileek. Horrez gain, ibilbidean zehar izango diren, kantu, dantza, irakurketa... horietan parte hartzeko ez dezatela lotsarik izan. Inauteriak ondo pasa eta parte hartzeko festak dira. Hori da nahi duguna; jauzika, kantuan, oihuka parte hartzea. Pertsonaia batek zerbait eskatuz gero, eman beldurrik gabe".
Segidan duzue, pertsonaia bakoitzak duen itxuraren eta gainerako ezaugarrien berri:
Urde
"Urde Andatzan bizi den izakia da. Pertsonaia bihurria da, inoiz ez dakigu zer egingo duen. Kaosaren pertsonifikazioa da. Urtean zehar, basurde baten itxurarekin bizi izaten da. Usurbil eta usurbildarrak zelatatzen ditu. Eta urtean behin, herrira hurbiltzen da herritarrekin nahastera. Bera da Inauterietako izpiritua".
Lamiak
"Aranerrekan bizi dira. Izaki magikoak dira, ura eta argia kontrolatzeko gaitasuna dute. Izaki maitagarri modura azaltzen dira. Argitasuna, alaitasuna eta maitasuna izaten dira haien botere nagusiak errekara hurbildu eta ur-azpian murgiltzeko. Horrela, gizakiaren anima harrapatu eta betirako kondenatuak izateko".
Anguleroak
"Errio inguruko pertsonaiak dira, Txokoalde eta Agiñatik etortzen dira. Farolatxoak dituzte eta neguko ilunean argia egiten dute. Anguleroek laguntzen diete herritarrei haien bidea argitzen, dituzten arazoei aurre egiteko".
Harrapariak
"Herrira ordena ekartzeko ardura duten pertsonaiak dira. “Villa Belmonte” garaitik dira ezagunak, horregatik, Kalezarren dute gehienek jatorria. Urde harrapatzea da haien lana, inauterietako izpiritua Usurbila etor dadin urtero. Zintzarriak dituzte Urde deitzeko, baita makilak ere lurra astintzeko".
Zakuak
"Herritarrak dira, inauteriaren zain daudenak. Dantzatzea eta kantatzea gustuko dute, festa alegia. Harrapariei Urde aurkitzen laguntzen diete. Haien garrasi eta oihuak oso garrantzizkoak izango dira lan horretan".
Adarjotzaileak
"Urderen laguntzaileak dira. Herria oso ondo ezagutzen dute eta adar soinua erabiltzen dute Urderekin komunikatzeko".