Inauteriak

Mozorro festa egun bana aurten, "Urderen Kondaira"-rekin eta superheroiekin

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 19a, 10:59

Bi eguneko mozorro festan murgiltzear da Usurbil. Superheroien jaialdia izango dugu martxoaren lehenean. Bezperan, errotzea erronka nagusi duten herri inauteriak sustatzearen aldeko apustua plazaratuko dute eragile hainbatek, guztiok partaide izatea nahi duten herri kalejiraren bidez.

Bertako, tokiko inauterien aldekoa izango dugu nabarmen aurtengo mozorro festa. Astebete barru parranda giro koloretsuan murgilduko gara, aurtengoan, otsailaren 28ko herri inauterien eskutik.

Orbeldi dantza taldeak herri eragile gehiagorekin lankidetzan usurbildarrak batu nahi dituen kalejira antolatu du Agerialdetik hasi eta Aranerreka, Ugartondo eta Kalezar zeharkatu ostean Mikel Laboa plazan amaitu arte. Aipatu gune horietan guztietan, kantuan nahiz dantzan aritzeko aukera izango da. Ezusteko gehiago ere izango dira.

"Bertakoa, geurea"
Usurbildik herriarentzat sortutako inauteriok barneratzen hasteko ahalegina izan nahi du ekimen honek. "Urde izeneko pertsonaia sortu genuen iaz. Inauterietako izpiritua izatea nahi dugu, ospakizun hauen erreferentea izatea nahi duguna, bertakoa, geurea", Orbelditik aditzera eman dutenez. Bera eta gainerako pertsonaien antzera mozorrotu eta kalejirako ikus-entzule soilik ez, haiekin bat egitera deitu gaituzte hilaren 28an. Lankidetzan bideratuko dute herri inauterien kalejira hau Orbeldikoek. Bidelagunei esker ona adierazi nahi diete. "Eskerrak eman nahi dizkiegu gure erokeria honi baiezkoa emateagatik", adierazi dute Orbelditik. 

Superheroien festa
Herri inauterion ostean, mozorro festak biharamunean izango du segida, martxoaren lehenean. Zuek hala erabakita, superheroiak dira larunbat horretan mozorrotzeko proposatzen dizuegun gaia. Jantzi eta inauteri giro koloretsu eta alaia kalean bizitzeko Burrunbazale txarangakoak bueltan izango ditugu arratsaldean eta gau partean Itzal taldekoekin erromeria. Ohi bezala, halere, gaztetxoenek emango diete hasiera ospakizun hauei bezperan. Xehetasun gehiago, datorren aldizkarian.


Inauteri Festa
Otsailak 28, ostirala
18:30 Usurbilgo inauteria. Urde badator! Herri-kalejira Agerialdetik abiatuta. Mozorrotu eta etor zaitez gurekin Usurbilgo inauteriaz gozatzera!
Ibilbideko geltokiak: Agerialde, Aranerreka, Txirikorda, Kalezar, babarrun formako biribilgunea, Mikel Laboa plaza.

Martxoak 1, larunbata
Mozorrotzeko gaia: superheroiak.
18:00 Burrunbazale txarangarekin kalejira.
22:30 Itzal erromeri taldearen emanaldia frontoian.

Antolatzaileak: NOAUA! K.E. eta Orbeldi dantza taldea.
Laguntzaileak: Zumarte Musika Eskola, Usurbilgo Euskal Kantu Taldea, Ziortza Gazte Elkartea, Txirikorda eta Belmonte Auzo Elkartea.