Deialdian parte hartu zuten, hitza hartutako Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietarekin eta udal gizarte zerbitzuetako buru Maria Salsamendirekin batera, Hurbilago merkataritza elkarteak, Lahar Elkargoak, Arretak, Txirikordako bizilagunek, Egurtzegiko Eguneko Zentroak eta zaintzadun etxebizitzen auzuneak, komunitate lantaldeak, Matiak, Zabalduz kooperatibak, zaintzaile profesionalek eta udal-langileek.
"Urte luzeetako lanaren emaitza" aurkeztuko dute Sutegin hilabete barru antolatu duten ekitaldian. Lanketa honen jatorrian, urteotan sarritan adierazi izan duten moduan, Usurbil "herri zaintzailea" bilakatzeko erronka dago, zaintzaren gaiari "dimentsio guztietatik erantzun nahi diogulako". Gogora ekarri zuten, mende honetako erronka nagusietakoa dela honako hau, adierazle soziodemografikoek adierazi bezala. "Halaxe baieztatzen dute, esate baterako, gizartearen zahartzeak, familia egiturak aldatzen ari dira, bakarrik bizi diren pertsonen kopurua ere gora egiten ari da eta horrenbestez, gure herriak prestatu behar ditugu erronka horri erantzuteko".
"Eredu integral eta duina lortzea"
Erronka horri misio bat jarria dio Usurbilgo herriak. "2030erako norbere bizitza proiektuari erantzungo dion zaintza eredu integral eta duina lortzea, erantzukidetasuna, eragileen arteko lankidetza eta zaintza langileen profesionaltasuna eta duintasuna ardatz izango duena ". Misio horri helburuok finkatuak dizkiote; "65 urtetik gorako pertsonen %25ek zaintza planak martxan izatea, Usurbilgo auzoetan martxan jarri nahi ditugun zaintza sareetan %25a gutxienez gizonezkoak izatea, beraz dei bat gizonezkoei zaintza lanetan eta arduretan parte hartzera. Hirugarrenik, etxez etxeko zerbitzua jasotzen dutenen kopurua eta zaintzarako prestazioa jasotzen dutenena orekatzea. Azkenik, zaintza langile eta familien %50a gure zaintza ekosistemaren parte izatea".
Helburu horiei begira, "zaintza eredu berri baterako bide orria finkatu zuen udalak eta martxan jarri genituen lan ildo ezberdinek ahalbideratu dute pertsonak ardatz duen arreta eredua inplementatzea eta horren jira-biran eraiki beharreko zaintza ekosistema bat eraikitzea eta artikulatzea". Horixe da martxoaren 29ko Sutegiko ekitaldian aurkeztu asmo dutena.
Dokumentala
Lau zatitan banatuko dute hitzordua. Hasteko, zaintza eredu honen eraldaketan parte hartu dutenen ahotsak, lekukotzak biltzen dituen "Usurbil, herri zaintzailea" dokumentala aurkeztuko dute. "Mimo handiz egin dugu eta eskerrak eman nahi dizkiegu kamera aurrean jartzera animatu diren guztiei", adierazi zuten agerraldian. "Ziur gaude euskarri garrantzitsu bat ekoitzi dugula Usurbilerako ez ezik, bide hau egin nahi duten beste herrietarako ere".
Bizi-planak
Dokumentala proiektatu ostean, "pertsona bat, bizi plan bat" helburu duen arreta eredu eraldatua aurkeztuko dute. Zaintza behar duen pertsona erdigunean kokatuko duena, eta hbere nahi, erabaki eta lehentasunak aintzakotzat hartuko dituena. Horiei guztiei "erantzungo dien arreta eredua eskaintzeko gai izan nahi dugu" eta horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute "zaintzak zerbitzuen integraltasunetik eskaintzea eta komunitateak eskainitako aukerak" baliatzea. Eraldaketa honek "begirada aldaketa" egitea eskatzen die. "Gure helburua da, iraupen luzeko zaintza prozesuetan jarraikortasuna bermatzea, zaintza behar duen pertsonaren bizitzak zentzua izaten jarraitzea pertsonaren bizi-proiektuan hausturarik eragin gabe, eta noski, bizitza duina eta bizigarria ahalbidetuz".
Laburbilduz, nabarmendu zutenez, "pertsona bakoitzari egokitutako eta modu parte hartzailean osatutako bizi-planak eskaintzea da" xedea.
Zaintza ekosistemaren egitura berria
Begirada aldaketa horretan sakontzeko Matiaren laguntzarekin etengabeko formazioa jaso dute udaleko gizarte zerbitzuetako langileek. "Begirada aldatzen, tresna berriak eraikitzen eta zaintzen alorrean ditugun zerbitzu ezberdinen artikulazioa, koordinazioa eta sistematizazioa bermatuko duen antolaketa eta egitura berri bat eratu dugu", berri eman zuten. Usurbilgo zaintzen ekosistemaren egitura berria ere aurkeztuko dute martxoaren 29ko ekitaldian.
Berri eman zutenez, gaur egun, "lan talde ezberdinak ditugu martxan eta modu ekosistemikoan eta koordinatuan lan egiteko mekanismoak ari gara eratzen". Eta urrats gehiago ematekotan dira. "Martxoaren 29tik aurrera, bizi planak gizarteratzeko kanpainari ekingo diogu poliki-poliki, gure lana egiteko moduak aldatzearekin batera".
HurBilduz auzo-zaintza proiektua
Martxoaren 29ko ekitaldia, Usurbil herri zaintzailea dela irudikatzen duten hainbat proiektu aurkeztuta amaituko dute. "Txirikordako ordu bankuen egitasmoa, merkataritza zaintzailea, HarEman proiektua edo gazte mugimenduak gazteen osasun mentalaren inguruan egindako lanketak aurkeztuko ditugu" eta haiekin batera, HurBilduz auzo-zaintza proiektua. Horretan dihardu lantalde batek.
Epe motzean abiarazi asmo dute egitasmoa, "Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatibarekin sinatutako hitzarmenari esker". Gogorarazi zutenez, "denok behar dugu zainduak izan, elkar zaintza beharrezkoa dugu". Dimentsio asko ditu gaiak agerraldian oroitarazi zutenez. Zaindua izateko beharraren eragileak ere askotarikoak dira; "adina, dependentzia, bakardade ez hautatua, osasun mentalaren okertzea, prozesu migratorio gogorrak bizi behar izatea. Azken batean, egoera askok sortzen dituzte zaurgarritasunak, hauskortasunak eta horretan sinesten dugu komunitateak asko eman dezakeela".
Zaintza, ongizatea eta komunitatea elkar lotuta daudela gogorarazi zuten, "komunitate bateko kide izateak ondo sentiarazten gaituelako guztiok". Helburu horrekin abiaraziko dute laster, auzo-zaintza proiektua.
Edukiz betetako ekitaldia izango da hilabete barrukoa. "Eduki berrituak ditugu eskuartean, anbizio handiko proiektua. Eraldaketan ari gara eta hau guztia ez litzateke posible, hemen bildu garen guztiok helburu berarekin eta elkarlanean arituko ez bagina. Orain, hau dena gizarteratzeko ordua iritsi da. Beraz, herritarren zain geratzen gara".
"Usurbil herri zaintzailea" ekitaldia
Eguna: martxoak 29, larunbata.
Ordua: 11:00-13:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Ekitaldiaren edukia:
1-"Usurbil, herri zaintzailea" dokumentalaren aurkezpena.
2-Arreta ereduaren eraldaketa: bizi planen aurkezpena.
3-Usurbilgo zaintza ekosistemaren egituraren aurkezpena.
4-Komunitatearen ekarpena, martxan dauden proiektuen aurkezpena: Txirikorda, HurBilduz auzo-zaintza proiektua, HarEman, merkataritza zaintzailea, gazteak eta buru osasunaren lanketa.
5-Amaieran, mokadutxo bat izango da.
Gonbidapenak: usurbilkultura.eus plataforman eskuratu ahalko dira.
Antolatzaileak: Herri Zaintzailea Usurbil, Usurbilgo Udala.