Martxoaren 8a bidean dugu. Emakumeen Nazioarteko Egunaren atariko hitzordu klasikoa izaten da Donostiako Lilatoia. 35. ediziora heldutako ekimen honetan Usurbilgo hamarnaka emakumeek parte hartu ohi dute, baita aurtengoan ere.
Aurtengo haien parte hartzeak, ordea, badu nabarmentzeko moduko berritasun bat; Usurbilgo 60 bat emakumeek talde gisa egingo dute lasterka. Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Emakumeon Etxetik sustatu zuten deialdi hau, taldekatzearena alegia urte amaieran. Taldea osatzeko aukerarik ba ote zen baloratzeko galdetegi bat osatzeko deia egin zieten aipatu Emakumeon Etxetik Usurbilgo emakumeei.
Azken entrenamendua
Albiste honi atxikitako argazkiari erreparatzen badiozue bai, talde sortzeko aukera bazen eta osatu dute, gainera. Otsailaren 23ko 35. Lilatoia elkarrekin prestatu eta igandean Donostiako ekimenean ere batera parte hartzeko gonbita babestu dute hamarnaka emakumeek. Urtarrilaz geroztik asteazkenero ari dira lau egun barru egingo den lasterketa prestatzen Zumartegi industrialdean, Garazi Artola Baldaren gidaritzapean.
Gaurkoa zuten Lilatoiaren atariko azken entrenamendu saioa. Argazkiko guztiek parte hartuko dute hilaren 23ko ekimenean, baita argazkian falta diren herriko emakume gehiagok ere.
Emakumeon Etxeko eskaintza otsailetik uztailera
Otsailak 23, igandea
10:30 35. Lilatoia, emakumezkoen lasterketa herrikoia Donostian.
Zehaztasunak: Usurbilgo Emakumeon Etxeak talde bezala eman du izena. "Taldean izena emandako emakume guztiek elkarrekin hartuko dute parte".
Informazio gehiago: lilaton.es
Martxoak 5-6, asteazkena eta osteguna
Musika elektronikoa eta feminismoa uztartzen dituen KRII Kolektiboak DJ ikastaro labur bat emango du. Izen-ematea otsailaren 17tik 28ra izango da, Emakumeon Etxearen bidez.
Martxoak 8, larunbata
21:00 Pikoteo musikatua Artzabalen. Martxoaren 5 eta 6ko "DJ ikastaroan parte hartutakoek ikasitakoak praktikan jartzeko aukera izango dute, eta haien ostean KRII Kolektiboko kideek ere parte hartuko dute".
Martxoak 20, osteguna
18:00 Iratxe Etxebarriaren "7.300 miligramo eszitalopram" liburuaren aurkezpena.
Maiatzak 15, osteguna
18:00 Uxue Alberdi Estibaritzen "Hetero" liburu aurkezpena. Ondoren, solasaldia.
Apirilak 11, ostirala
17:30 Emakume eta gizon subjektutasunaren inguruko formakuntza saioa.
"Egingo den tailer proposamenean, teoria feminista eta queerretan egin diren proposamen desberdinak ikusiko dira, zeintzuek tailerrean parte hartuko duten gizon, emakume zein pertsona ez binarioen arteko botere harremanen lanketa ahalbidetuko duten".
Maiatzak 24, larunbata
19:00 Evaren Alabak antzerki taldearen "Ring" antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Ring batean sartzen diren bi aktorerekin hasiko da antzezlana. Bata gizonez jantzita dago eta bestea emakumez. Ikusleek ring-a inguratzen dute. Aurkezle batek pertsonaiak iragarri eta ikuskizuna hasten da".
Hizkuntza: elebiduna
Zerbitzuak
-Liburutegi feminista:"Emakumeon Etxean liburu feministak daude eskuragarri: maileguan hartzeko aukera dago".
-Aholkularitza juridiko eta psikosoziala:"Zerbitzu honen bitartez, gai konplexuei buruzko informazio juridikoa eskaintzen dugu: banaketa, dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, bisita erregimenen ez betetzeak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoen kaleratzeak, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa, laguntza sozialak eta bestelako kontsultak".
Zerbitzu egunak: martxoak 12, apirilak 9, maiatzak 21, ekainak 11, uztailak 9.
Ordutegia: 15:00-18:00.
-Aholkularitza psikologikoa: "Sexu aholkularitza zerbitzuaren erabilpen urria antzemanda, horren ordez aholkularitza psikologikoko zerbitzua eskaintzea erabaki da. Zerbitzuaren xedea pertsonen autoezagutza, ahalduntzea eta autonomia sustatzen duten tresnak ematea da, norbanakoaren ongizaterako eta gizarte-eraldaketarako. Ikuspegi psikosozial, humanista eta transfeminista bermatuz eskaintzen da zerbitzua".
Zerbitzu egunak: otsailak 24, martxoak 10 eta 31, apirilak 28, maiatzak 12 eta 26, ekainak 9 eta 23, uztailak 7.
Ordutegia: 15:00-19:00.
Zerbitzuon hitzordua eskatzeko:
943 377 112
emakumeonetxea@usurbil.eus