Bakardade ez hautatua prebenitu eta horri aurre egingo dioten proiektuak diruz laguntzeko deialdia plazaratu zuen iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak, "Adinberri-Hariak" egitasmoaren bidez. 800.000 euro bideratu ditu horretara.
Deialdi hartara aurkezturiko proiektuen artean babestu dutenetako bat udalerri honetakoa da; "Usurbilgo Zainketen Sare Komunitarioa-Herri Zaintzailea proiektua". Horren hainbat zertzelada aurkeztuko dituzte Udalak eta herri honetako zaintza eredua eraldatzeko urteotako lanketan parte hartu duten norbanako eta eragileek martxoaren 29an 11:00etan Sutegin antolatu duten ekitaldian.
"Jauzi kualitatiboa"
Gipuzkoako Foru Aldunditik berri eman dutenez, hamabi izan dira "Adinberri-Hariak" izeneko deialdian onuradunak izan diren egitasmoak; "esplorazioko hiru proiektu, 4 proiektu esperimental eta 5 bultzatzaile", asteazken honetan Donostian aurkeztu dituztenak. Egitasmo bultzatzaileen artean da Usurbilgoa.
Izan ere, hiru laguntza lerro zituen deialdiak; esplorazioa, esperimentazioa eta bultzada. "ADINBERRIk laguntzen hainbat deialdi egin dituela 2018tik. Guztien artean 6.075.000 euroko aurrekontua izan dute, eta 92 proiektu finantzatu dira guztira". Laguntza lerro hauekin, “bakardadearen ikuspegian eta lanketan jauzi kualitatiboa emateko aukera ematen dute, ekosistemak eratuz, hainbat eragileren artean sinergiak sortzeko, eta, gainera, bakardadeen inguruko ekosistemen eraikuntza inkrementalaren berrikuntza ziklo osoari heltzen diote”.
Egitasmo hauek guztiak "HARIAKen I. Jarduketa Planean (2022-2027) sartuko dira", Foru Aldunditik aditzera eman dutenez. “Nahi ez diren bakardadeak prebenitzeko eta horiei heltzeko etorkizuneko tokiko ekosistemen enbrioi potentzialak dira. Beraz, mendebaldeko herrialdeetan gero eta zabalagoa den errealitate horri helduz politika publikoak zentratu behar dituen lurralde-ekosistema osoari lagunduko diote”, Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuaren esanetan.
"Adinberri-Hariak" deialdian onuradun izandako proiektuak
Esplorazio proiektuak
-Azpeitiko Udala eta Denontzat: ‘Zaintza emozionaleko eredu berritzaileak Azpeitiako toki administrazioen ikuspegitik’ ekimena.
-Laneko bost ildorekin nahi ez den bakardadea ezagutu, tratatu eta horri aurre egiteko Urretxuko Udalaren udal programa.
-Asmoz eta Tekum fundazioekin batera, generoaren araberako zahartzaroko bakardadearen inguruan sakonduko duen Arrasateko Udala.
Proiektu esperimentalak
-Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa, Donostiako Udalarekin, Osakidetzarekin eta Tknikarekin batera nahi ez diren bakardade egoerei edo/eta bakartze sozialeko egoerei heltzeko, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Susperraldi Unitateko pazienteekin eta haien zaintzaile nagusiekin.
-Lotura Giza Garapenarekin eta EHUrekin batera, bazterketa sozial edo/eta etxegabetasun egoeran dauden pertsonen nahi gabeko bakardadeen aurrean ‘HIRU HARI’ programa abian jarriko duen Errenteriako Udalaren egitasmoa.
-Beasaingo Udalaren egitasmoa, Dar Dar Produkzioekin batera, nahi ez den bakardadearen eta osasun mentalaren arteko zuzeneko erlazioari buruz herritarrak sentsibilizatzeko eta hezteko.
-Lankidetzan oinarritutako kultur sorkuntza fenomeno horren aurrean eraldatzeko eta sentsibilizatzeko tresna gisa erabiliko duen Astigarragako Udalaren proiektua, Ados Teatroa, Derechos Humanos a Escena eta Gertu Kulturarekin batera, ‘El Eco’ izenekoa.
Proiektu bultzatzaileak
-Antzuola, Arrasate, Aretxabaleta, Bergara, Elgeta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako udalen ‘Debagoiena ehunduz’ izeneko ekimena, Oñati Dabilen Herriarekin batera, inguruko eragileak koordinatzeko eta dinamizatzeko, aukeratu gabeko bakardadeei aurre egiteko.
-Hondarribiako Udalak, Zabalduz Kooperatibarekin batera, gizarte eta hezkuntza esku-hartze baten bidez adinekoa erdigunean jarriko duen ongizatera bideratutako zaintza komunitarioen ‘AuzoEKIN’ proiektua.
-Zestoa Zaintza Sarearen, Zestoako Udalaren eta Santa Casa de Misericordiaren ‘Kaixo Adiskide!’-‘¡Hola Amigo!’ proiektua, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko, Zestoako Zaintza Sarea osatzen duten eragileekin lankidetzan..
-Usurbilgo Udalaren eta Zabalduzen arteko ‘Usurbilgo Zainketen Sare Komunitarioa’ Herri Zaintzailea proiektua.
-Beasaingo Udalak, EHUrekin batera, gauzatutako ‘Etxelagun I-Nahi ez den bakardadea arintzeko eta prebenitzeko etxebizitza prototipoa’ proiektua.