Euskaraldia

Entitateei Euskaraldian parte hartzeko deia

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 20a, 13:19

Entitateek maiatzaren 15etik 25era egingo den 4. Euskaraldian "zeresana eta zeregina" izango dutela nabarmendu dute sustatzaileek gaur agerraldi bidez.

Euskaraldia entitateetan nola hedatu eta landu daitekeen argitzeko agerraldia egin dute ostegun honetan, otsailaren 20an, Donostiako San Telmon ekimen horren sustatzaileek. Gogorarazi dutenez, datorren maiatzaren 15etik 25era egingo den ariketa sozialean entitateok "zeresana eta zeregina" izango dute, Ahobizi eta Belarriprest guztiekin batera. Denei parte hartzeko deia egin diete Euskaraldiaren bultzatzaileek.

Euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritzea xede duen ekimen honetan entitateak zeintzuk izan daitezkeen gogorarazi dute. "Entitateak aipatzen direnean askotariko eremuak barnebiltzen ditu, izan ere, lantokiak badira entitate, baina baita kirol edo kultur elkarteak, eta denda edo tabernak ere".

Entitateek Euskaraldian parte hartzeko inplikazio maila hautatu ahal izango dute laugarren edizio honetan. "Oinarrizko egitekoak aurrera eramateaz gain, euskararen erabileran bestelako urratsak emateko aukera ere izango dute". Segidan dituzue, entitateen parte hartzeko modu hauei buruzko xehetasunak. Entitateek, tartean Usurbilgoek ere bai, izena emateko epealdia zabalik dute.

Izena ematen duten entitateek egiteko hauek izango dituzte Euskaraldian:

  1. INFORMATU. Belarriprest eta ahobizi rolen inguruko informazioa entitateko kideen artean zabaldu, eta izena ematera animatu, horretarako erraztasunak jarrita. 
  2. PRESTATU. Entitateek kideei euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eskaintzea aztertuko dute, horretarako baliabideak izango dituzte webgunean. 
  3. EUSKARALDIA IKUSGARRI EGIN. Izena ematen duen entitateak ariketa badatorrela ikusgarri egingo du: espazioak apainduz, ekintzak antolatuz, barne zein kanpo komunikazioan hartutako neurriak edo egingo diren ekintzak jakinaraziz…

Euskararen erabileran bestelako urratsak emateko aukera

Eta aurreko egiteko horiez gain bestelako pausoak eman nahi dituzten entitateek, lanketa sakonagoa egiteko aukera baliatu dezakete izena eman ostean. Hori aukeratuta, koordinazio orokorretik baliabideak eskainiko zaizkie aparteko lanketak egiteko, besteak beste: 

  • Ariguneak sortu: euskaraz lasai aritzeko guneak.
  • Komunikazioak euskaraz egin: bilerak, mezuak eta bestelako komunikazioak euskaraz zabaldu.
  • Mintzodromoak antolatzea; entitate barruan lasai euskaraz hitz egin ahal izateko
  • Mintzatratuak adostea entitateko kideen artean
  • Hiztegi kutxa; entitatearen arloko euskarazko hiztegia ezagutu eta erabiltzeko
  • ….

Azken lanketa hauek egiteko, intraneteko sarbidea eta aholkularitza izango dituzte eskura entitateek.

Izena emateko: https://euskaraldia.eus/entitateak/