Urte amaieratik lanean da Usurbilen laugarren Euskaraldia dinamizatuko duen herri batzordea. Azaroan egin zuten bilgunea osatzeko estreinako bilera eta hilabete amaieran Aginagako Eliza Zaharrean eginiko Euskararen Galan aurkeztu zuten jendaurrean. Gehiagotan ere bildu izan dira ordutik.
Antolaketa lanei segida emateko hurrengo saioa, otsailaren 25erako, datorren astearterako deitu dute, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Bilkura irekia da eta euskaltzale orok har dezake parte prestaketa lan hauetan.
Gaur Donostian entitateak parte hartzera animatzeko egindako agerraldiaren harira, hauen parte hartzea sustatzeko lanketan ari da Usurbilgo herri batzordea ere. Aurreko edizioetan parte hartutako Usurbilgo entitateek gutun bana jasoko dute, jaso ez badute jada. Bertan nola parte hartu argitzen da baita izena emateko xehetasunen berri eman ere, laugarren edizioarekin bat egitera gonbidatzearekin batera, gaur Donostian Euskaraldiaren sustatzaileek egin bezalaxe.
Abestia
2025eko maiatzean egingo den 4. Euskaraldiak badu soinu-banda. 59. Durangoko Azokan aurkeztu zuten. "Gure Bihotzaren Taupadak" izena du, bideoklipa albiste honi atxikia duzue. Bulego taldearena da sorkuntza lan hau, “edonork entzuteko moduko abesti herrikoia”.
Musikari dagokionez, "Euskaraldiaren izaera anitzarekin bat egiteko asmoz, edonork entzuteko moduko abesti herrikoi bat sortzea izan da helburuetako bat". Hitzek, berriz, “esatetik egitera” salto egiteko deia egiten dute, abestiaren bitartez “jendea ekintzara bultzatzeko asmoarekin”.
Hamaikakoa
Azaroan aurkeztu zuten Euskaraldia dinamizatuko duen enbaxadore taldea; aurpegi ezagunez osaturiko hamaikakoa. "Konpromiso pertsonalak hartzeaz gain, Euskaraldiak behar eta sortzen duen mugimenduan eragile izango dira" eta horrekin batera, "euskararen erabileran aurrerapausoak eman eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak".
Honako hauek osatu dute hamaikako ezaguna: Eneko Atxa Azurmendik (sukaldaria), Oihana Azkorbebeitia Urizarrek (mendi lasterkaria), Aitor Bengoetxea Zabalzak (musikaria), Lutxo Egia del Riok (idazlea), Eneko Garcia Jaurena-Albina Stardustek (trabestia), Ana Goitia Erkiaga (kazetaria, aurkezlea eta umoregilea), Itziar Ituño Martinezek (aktorea), Roberto Moso Gilek (komunikatzailea), Zibel Untsain Damestoik (dantzaria), Esti Urresola Solagurenek (zinemagilea) eta Mikel Urrutikoetxea Azkuetak (pilotaria).
Erronkak
Euskaraldiaren eraginkortasunean sakontzeko urrats berriak proposatzea; mugimendua indartzeko eta batzordeak elikatzeko urratsak ematea; eta, hirugarrenik, Euskaraldiaren inguruko giro soziala sustatzea.
Hiru erronka hauen bueltan aurkeztu zuten berriki 4. Euskaraldia. Irudi eta lelo berria estreinatu dute; "Elkar mugituz egingo dugu". Laugarren edizioa, "Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia" izatea nahi dute. Gogoan izan, aurreko hiru edizioak azaroa eta abendua artean egin izan dira, Euskararen Egunaren bueltan. Oraingo hau, estreinakoz, udaberri partean egingo da, maiatzaren 15etik 25era. Izan ere, sustatzaileen esanetan, "gizarte bizitza gehiago dagoen garaian esku hartu nahi du ekimenak, baldintza sozial egokiagoak dauden garaian hain zuzen, harreman sozialetan ahalik eta astinaldi handiena eragiteko, beti ere hizkuntzaren begiratutik". Antolatzaile askok aipaturikoa egikaritzea erabaki dute, beraz, "ariketa soziala udazken betean beharrean, udaberrian antolatzea".
"Zabaldu nahi dugu dinamika"
Egutegiari lotutako beste alderdi bat antolatzaileek nabarmendu nahi izan dutena. "Hamaika egunen bueltakoa izatea hobetsi da, bi asteburu hartuz, uste baitugu egun gutxiagotan ariketa modu sakonagoan egiteko aukera emango diela belarriprest eta ahobiziei, indarrak egun horietan bilduta". Halere, gogorarazi dutenez, "ez dugu nahi Euskaraldia hamaika egunetara mugatzen den ariketa soziala izan dadin soilik". Horregatik, diotenez, "zabaldu nahi dugu dinamika, denboran eta gizartean. Euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua elikatu nahi dugu".
Sakonago jota, ariketa sozial hau birdefinitzea erabaki dute. Euskaraldia, beraz, aurrerantzean, "euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua" izango da. Hiru egiteko nagusi izango ditu: hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak eman eta entitateek euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea; euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatzea; eta, "tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta lankidetzan aritzea, praktika linguistikoak erraztuko dituzten neurriak sustatu eta euskal hiztunak martxan jar ditzaten".
Eragin nabaria
Aldaketa hauek 320.000 herritar baino gehiagoren parte hartzea erakarri duten aurreko edizioetako balantzeetatik jasotakoak dira. Gogoeta prozesu horietatik hainbat gako nabarmendu nahi izan dituzte antolatzaileek. Esaterako, Euskaraldiak euskararen erabileraren handitzean eragiten duela, "lehen hitza euskaraz egitea eta elkarrizketa elebidunei eustean, adibidez" eta "ariketa praktiko erreala" dela.
Ondorioztatu ahal izan dute baita, hizkuntza-komunitate osoa batzen duela, erabilera-mota batzuk hedatu eta legitimatu, nazioartean interesa sortu, erdaldunengana heldu, euskaraz informatu eta hausnartzea sustatzearekin batera. Baina era berean, Euskaraldiaren eragin-esparrua mugatua dela diote.
Datorren ediziora begira, "ariketa ahalik eta ondoen prestatzea komeni da", ohartarazi dute eta gako garrantzitsua izaten segiko du txapen erabilera masiboak. Euskaraldi horri begira, gobernantza eredu partekatuan sakontzen segi asmo dute.
Hona hemen datorren 4. Euskaraldiari buruzko xehetasunen berri:
4. Euskaraldia
Noiz: 2025eko maiatzaren 15etik 25era.
Leloa: "Elkar mugituz egingo dugu".
Parte hartzeko moduak:
-Ahobizi: "Euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean".
-Belarriprest: "Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horitxe eskatzen diet modu esplizituan".
-Entitateak: "ariketa modu erosoan egin ahal izatea eta euskararen erabilera handitzea izango da helburua; eta, horretarako, entitateei neurriak hartzea proposatuko zaie".
Deialdiak:
Urriaz geroztik
Herrien eta entitateen izen ematea zabalik euskaraldia.eus atarian.
Martxoa
Belarriprestek eta ahobiziek izena emateko irekiera ekitaldia.
Maiatzak 15-25
4. Euskaraldia.
Informazio gehiago: euskaraldia.eus