"Usurbildik independentziara" larunbatean, Ernairen eskutik

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 21a, 09:10

Ernai gazte antolakundeak apirilean Berriozarren antolaturiko "Gazteon Eskutik Independentziara" ekimenera begirako hitzordua izango da larunbaterako, otsailaren 22rako iragarri dutena.

Ernai gazte antolakundeak "Gazteon Eskutik Independentziara" ekimena antolatu du apirilaren 17tik 20ra Nafarroako Berriozarren. Horri begira, Usurbilgo Ernaik ekimen zenbaiten eguna antolatu du larunbaterako, otsailaren 22rako. Hasteko, goiz partean kartelak jartzeko deialdia plazaratu du herriko gazte antolakundeak. Eguerdi partean, bazkari musikatua iragarri dute. Arratsaldean, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean antolaturiko kontzertuetara joateko gonbita egin dute.

"Bide bakarra"
Aipatu moduan, Ernaik Berriozarren antolaturiko "Gazteon Eskutik Independentziara" ekimenaren harira deitu dituzte larunbateko hitzorduak.

"Geroz eta gazte gehiago gara independentziaren alde lerratzen garenak. Izan ere, hori baita inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria eraikitzeko bide bakarra. Horregatik, gazteok euskal jendartearekin batera jauzi bat ematera goaz, gure herriaren etorkizuna eraikitzeko. Eta bide horretan, ezinbestekotzat kokatzen dugu Gazteon Eskutik ekimena, gazte independentiston elkargunea izango dena, independentzia bizitzeko momentua izango dena; elkarrekin etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko unea izango da! Noski ere, aisialdi eta musika eskaintza ezberdinez gozatzeko aukera izango dugu. Gazteon Eskutik independentziara!", adierazi du Ernaik.

Hitzaldiak eta kontzertuak
Hainbat kontzertu, tailer edota hitzaldi iragarri dituzte apirilaren 17tik 20ra Nafarroako udalerri horretan. Solasaldiei dagokienean, etxebizitzaren arazoa, Euskal Herriko mugimendu feministaren ikuspegiak eta erronkak, espetxeetako bizipenei lotutako sorkuntza lanak, oldarraldi erreakzionario eta atzerakoia, euskara eta pantailen erronkak, independentziaren gaia, Euskal Selekzioa, ikasle borroka, transizio ekosoziala, larrialdi linguistikoa... hartuko dute ahotan.

Kontzertuei dagokienean, ondoko kartelean dituzue ekimenera gonbidatuko dituzten musika talde hainbaten zerrenda. Bonoak salgai dituzue ernai.eus atarian.


"Usurbildik Independentziara"
Otsailak 22, larunbata
11:00 Kartel pegada.
14:00 Bazkari musikatua Eleneren eskutik.
Ondoren... denok Agiñara, Izan Bai taldearen aurkezpen kontzertura.

Informazio gehiago:
Instagram: @ernaiusurbil

Apirilak 17-20
"Gazteon Eskutik Independentziara" ekimena Berriozarren (Nafarroa).

Informazio gehiago: ernai.eus
Antolatzailea: Usurbilgo Ernai.