Pettiren "XX ta Bortz Zuzenean" kontzertua igandean

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 21a, 09:00

Musika sortzaile beratarrak lehen diskoaren 25. urtemugako kontzertua eskainiko du otsailaren 23an Sutegin.

Mende laurdena bete du musikari eta abeslariaren "Amets bat" izeneko lehen diskoak. 25 urteotako ibilbideko zuzeneko “XX ta Bortz” diskoa grabatzen ari da. "Hamaika kantu indartsu, adierazkor, gordin eta hunkigarri biltzen zituen disko hura ibilbide luze eta emankor baten hazia izan zen: 13 disko bere izenean, hainbat eta hainbat kolaborazio, zuzenekoak formatu guztietan, hibridazioak... Horren adibide da Frankenstein agurgarria izeneko disko-liburua".

Ibilbide horretan zehar sortutako "kantu rokero eta elektrikoenak bildu" eta zuzeneko diskoa ari da grabatzen Petti. Grabaketa hauetako taldearekin eskainiko du kontzertua Pettik otsailaren 23an 18:30etan Sutegiko auditorioan: Joseba Irazoki (gitarra), Iñigo Telletxea (baxua) eta Igor Telletxea (bateria) eta Ruben Caballero (gitarra). Sarrerak 8 eurotan eskuratu ahalko dituzue aurrez usurbilkultura.eus plataforman.