Elkargunearen aurkezpena

Arrobitxulo, Elkargunearen izena

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 23a, 15:33

Isilpean gordetako sekretua azaleratu zuten larunbateko Sutegiko aurkezpen ekitaldian; Elkargunearen izenarena. Izena eta haren marka aurkeztu zuten.

Arrobitxulo, gaztetasunetik astialdia eta kultura eginez. Horixe duzue Elkarguneak aurrerantzean izango duen izena. Isilpean zuten eta larunbat honetan ezagutarazi dute herri egitasmo honen sustatzaileek Sutegin eginiko ekitaldian. Proiektuaren gainerako ezaugarrien antzera, izena ere erabakitze prozesu baten bidez hautatu dute. "Garrantzitsua iruditzen zitziagun halako proiektutzar bati izen duin bat jartzea. Horretarako aritu ginen iaz, parte hartze prozesuaren paraleloan izen bilketa bat egiten", adierazi zuen Maialen Iñarra Arregik auditorioko hitzorduan.

Bilketa lau bideetatik egin zuten; Aztarrikak iaz antolariko Gazte Egunean bildutako ekarpenen edota Ziortza gazte elkarteak zein Gaztelekuak hainbat saioetan kideen eskutik jasotakoen artean erabaki behar izan zuten. Baita herrian jarritako postontzietan herrikideek eginiko ekarpenen artetik ere. Postontzion bidez, guztira 42 proposamen helarazi zituzten. Haietatik guztietatik talde eragileak Arrobitxulo izena hautatu zuen.

"Harrobi bila"
Gogoan izan, Udarregi ikastola pareko zelaian kokatuko da Arrobitxulo. Zelai hau inguratzen duen kale baten izena hartuko du, honenbestez; Izar Etxe eta Munalurra lotzen dituenarena. Leku izen bat lehenestea izan zen Elkarguneko sustatzaileen esanetan, Arrobitxuloren alde egiteko motiboetako bat. Horrez gain, inguruko ikasle hainbat erakarri izan dituen inguruko harrobiari ere gorazarre egin nahi izan zioten. "Sinbolismo polita iruditzen zitzaigun garaiko ikasleak harrobi bila joatea. Gaur egun, harrobira joatea kultur sorkuntzara edo gazte agenda baten baitan". Sonoritatearen ikuspuntutik ere ontzat eman zuten izen hau; "halako joko bat ematen du izenak. Ondorioz, horren aldeko hautua egin genuen".

"Arrobitxulo izenak berak esanahi handia zuen"
Izenari, iruditeria, marka erantsi diote. Egilea, Malen Aierbe Zubeldia herrikide diseinatzailea izan da. Asteotan, herrigunean ikusiko zenituzten hainbat hormetan ezer aurreratu gabe, larunbateko aurkezpen ekitaldia iragartzen zituzten kartelak. Kartel horietarako baliaturiko markak dira hain zuzen, aurrerantzean Arrobitxulok izango dituenak. "Arrobitxulo izenak berak esanahi handia zuen. Horregatik garrantzitsua iruditzen zitzaidan markan bertan oinarria ere izena bera izatea. Horretarako tipografia pertsonalizatua sortu dut", azaldu zuen Aierbek.

Izenetik hasi eta alfabeto osoa osatu duela berri eman zuen, "beste baliabide batzuetan irudikatu dadin marka bera". Markaren esananahiaren nondik norakoak sakonago ezagutzeko azalpenen liburu bat egin du Malenek, auditorio atarian ikusgai jarri zuena. Halere, aurkezpen ekitaldian zenbait zertzelada eman zizkien Sutegira joandakoei. "Letra bakoitza hiruki batek edo gehiagok zulatzen dute, azken batean hiruki batek irudikatzen duelako play ikurra eta foko batetik argia nola ateratzen den edo soinua ere nola proiektatzen den eta zulo horien artean ere halako musikaltasuna sortzen da".

Logoaren aldaketei dagokionez, "bariazioek balio dute euskarri desberdinetan ahalik eta ondoen egokitzen den irudia txertatzeko. Ikusitako azkena da isotipoa deitzen zaiona. Horretarako b hizkia hautatu dugu bi hiruki dituelako elkarri begira, Elkargunearen atzean dagoen elkarlan hori irudikatzeko. Koloreari dagokionez, kolore bizi batzuk aukeratu nahi izan ditut, Arrobitxulo bera bizirik dagoen marka bat izango delako eta horrez gain, beste hainbat kolore osagarri ere erabili ditugu, pegatinetan ikusiko zenituztenak egunotan herrian zehar".

Larunbateko ekitaldiko une zirraragarrienetakoa izandako une hau albiste honi atxikitako bideoetan jaso dugu.