Elkargunearen aurkezpena

"Eraikin barruan eta kanpoan gertatzen denaren arteko batura da guretzat Elkargunea"

Noaua Aldizkaria 2025ko ots. 23a, 14:54

Arrobitxulok izango duen itxuraren berri ere eman zuten estreinakoz, larunbatean Sutegin eginiko aurkezpen ekitaldian.

Elkargunearen herri proiektuak leku hartuko duen eremu horri buruz eta bertan altxako duten eraikinaren inguruan mintzatu ziren udal gobernu taldeko ordezkari Iratxe Begiristain eta aurreproiektua diseinatu duen "Rehabite"-ko kide bat.

Rehabite arkitektura estudioak eginikoa da hain zuzen, Arrobitxuloren aurreproiektua. "Prozesuarekin oso gustura geratu gara", adierazi zuen Sutegiko ekitaldian hitza hartu zuen estudioko ordezkariak, elkargunearen sustatzaileak eskertzearekin batera. Egitasmo hau bultzatu duten guztien arteko lankidetzaren emaitza dela nabarmendu zuen.

Kanpo eta barne espazioak lotzea
Proiektatu zuten Arrobitxuloren egoitzaren lehen irudiko xehetasunak eskaini zizkigun. Garrantzizkotzat jo zuen haien lan egiteko modua. "Guretzat garrantzia izaten du eraikinak zer lotura duen lekuarekin; nola eraldatzen duen lekua, zer espazio sortzen dituen, espazio horiek ere zer nolako erlazioak lortzen dituen jendearekin, barne-espazioak kanpo-espazioarekin nola lotzen diren...".

Rehabitekoek diseinatu zuten Kalezarko Egurtzegiren egoitza premisa horrekin hain zuzen; auzoarekin, auzokideekin lotzea nahi zuten. Abiapuntu bera izan du baita haientzat, Arrobitxuloren diseinu lanak. "Guretzako helburu nagusia, kanpo-espazio aberatsak lortzea eta barne-espazio horiek naturarekin edo kanpo-espazioarekin erlazio zuzen bat izatea" izan da. 

Azal puskatua
Kokaguneari erreparatuta gogorarazi zuen hain zuzen, zelai batean kokatuko dela Elkargunearen egoitza, horren parte izango dela. "Baina era berean, erlazioa izan behar zuela aldameneko eraikinekin, eraikitako hiriarekin eta hortik sortzen dira bi izate edo bi ikuspuntu".

Alde batetik, "eraikina asko irekitzen da natura aldera atzealdean baina era berean itxi egiten da hirirantz". Proiektuaren sustatzaileekin izandako bileretatik ateratako ekarpen bat ekarri zuen gogora Rehabite-ko ordezkariak. Prozesuan zehar, "ateratako zalantza bat zen, fatxada, bolumen itxia, ez oso gogorra izatea. Askotan gertatzen da, egiten ditugu oso puruak. Izan ere, oso modan dago purutasun arkitektonikoa. Horregatik planteatu dugu eraikin bat mugimenduarekin hiri aldera batez ere eta azala ere puskatua egotea, bi gauza lortzeko; gogortasun hori kentzeko eta era berean, barruan gertatzen dena kanpoan islatzeko".

Eraikinean kanpo espazioak sortzeari emandako garrantzia nabarmendu zuen. Hala aipatu zituen aurreproiektuan Arrobitxulori emandako sarrera, kanpo ekitaldiak egiteko eremua, anfiteatro txikia, "barrutik ere gune ezberdinak elkartzen dituen ibilbideak ere lortu ahal izatea". Azkenerako, "bai kanpoko eta barruko guneak bateratzea, guretzat hori da elkargunea. Ez da eraikin barruan gertatzen dena, baizik eta eraikin barruan eta kanpoan gertatzen denaren arteko batura". 

Natura eraikinean
Barne eta kanpo espazioen arteko kohesio hori bermatzeko "eraikina puskatu" dutela eman du aditzera. "Alde batetik aretoa bereiztu egin dugu eta horrek ahalbidetu du, plaza estali bat izatea, barruan beste barne patio bat egotea eta patio horrek aisialdi gunearekin erlazio handia izatea, atzealdean beste sormen plaza bat lortzea..."

Bigarrenik, natura eraikinean txertatzea hobetsi dute kanpo eta barne espazioak lotzeko. "Naturarekin integrazioa bilatu nahi izan dugu" eta hori sabai naturalekin lortu dute. 

Hirugarrenik, "egurrezko azal bat egitea" erabaki dute. "Horrek naturaltasun hori indartu egiten du". Eredugarritzat jo eta gogora ekarri duen Zumarte Musika Eskolaren egoitza berria esaterako. "Eredu oso onak ditugu hemen eta horretan ere oinarritu gara, horri keinu bat egiteko".