Eraikinaren edertasuna goraipatzearekin batera, "benetako proiektua lau eragileen arteko elkarlana da. Topaketetan argi geratu da; lau eragile hauek elkarrekin lana egiten dugunean, eragina biderkatu egiten da. Ondorioz, eraikina egin arteko denbora horretan, lankidetza horrekin aurrera segi behar dugu, elkarrekin proiektuak lantzen", galdegin du Luken Arkarazok. Gogora ekarri du, herri egitasmo honen sustatzaile diren Aztarrikaren, Gaztelekuaren, Ziortzaren eta Kulturgunearen potentzialtasuna edota Arrobitxuloren kokagunea, Udarregi ikastolaren pareko zelaia. "Hor ekosistema bat sortuko da", nabarmendu zuen.
Horregatik garrantzitsutzat jo zuen orain arteko lankidetza bidean sakontzea. "Eraikina tresna da, ez da helburua", gogorarazi zuen. Bide horretan hurrengo urratsak erabaki behar dituztela iragarri zuen. "Elkarrekin zer egingo dugun, zer ekintza egin ditzakegun, zer proiektu batu ditzakegun...".
Erabakitzeke
Horrekin batera, kudeaketa eredua definitu beharra dute; "nola kudeatuko den gune hau, izaera desberdineko eragileek osatuko duguna. Udala ere tartean dago. Elkarren arteko harremanak, finantziazioa, kudeaketa eredua, izaera juridikoa... Hor daude gauza asko erabakitzeke ditugunak, lehenbailehen erabaki behar direnak".
Martxoaren 22an, larunbat goizez Ugartondoko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioak elkartzen dituen Txirikordan antolaturiko asanbladan batzeko deia egin zuen. Hitzordu horretan, aurreratu dutenez, "bereziki kudeaketaren inguruan arituko gara. Gero bazkaria egingo dugu". Gonbita egin zieten Sutegin, egungo kideei nahiz Arrobitxuloren kide izan nahiko luketenei parte hartzera; tartean, larunbat honetako ekitaldirako Sutegin bildutakoei. Hitzorduan jasotako xehetasunetatik gustuko bi ezaugarri eta hobetu beharreko ekarpenak idatziz egitera animatu zituzten ekitaldia hasi aurretik sarreran banaturiko papertxoen bidez.