Larunbat honetan Sutegin aurkeztu dituzte Arrobitxulo izena jarri dioten elkargunearen hainbat xehetasun. Horrek era berean, orain arte eginiko lana agerian utzi du. Izan ere, urteetako lankidetzaren emaitza izan da aurkezpen hau, hitzorduko aurkezleek gogorarazi moduan, "denbora luzez landu, amestu eta borrokatu dugun proiektu bat aurkeztera gatoz gaur". Gaineratu zutenez, "ametsa egi bihurtzeko giltza bat izan dugu, elkarlanarena. Bada herri honen zigilua".
Elkarlan horrek eginiko bideari buruz mintzatu ziren sustapen lanean jardundako eragileak. Aurkezleek nabarmendu moduan, "funtsean, bidea izan da altxorra eta sortu dugun komunitate hau guztia".
Lankidetzan
Komunitate honen eraikuntzan gogotik lanean aritutako eragileak ekarri zituzten gogora; "herriko gazteen beharrak identifikatu, borrokatu eta alternatibak eraikitzen diharduen" Aztarrika Gazte Asanblada; gazteen arteko konfiantza eraiki eta adin ezberdinetako gazteen harremantzea sustatzen duen Ziortza Gazte Elkartea; lau lan-ildotan (sormena, plazak, komunikazioa eta transmisioa) euskal kulturgintza sustatzea xede duen Kulturgunea; eta 12-17 urte arteko gazteen garapen osasuntsua bideratzea xede izan eta haien topaleku den udal zerbitzu Gaztelekua.
Eragile hauekin batera, "prozesuan zehar norbanako ezberdinek hartu dute parte eta espero dugu aurrerantzean, Elkargunean ere hala izatea, gonbidatuta baitaude" aurkezleek gogorarazi zutenez.
Eta ezin ahaztu Usurbilgo Udala. "Herritik sortutako proiektua, Udalera iritsi orduko proiektu izar gisa hartu zuten. Udala ere aritu da ekarpenak egiten prozesu honetan, bultzada ematen, askotan ameslarioi hankak lurreratzen".
Gaztetxe baten premia
Orain arte jorraturiko lankidetza bidearen abiapuntua 2020. urtean, covid19ak eragindako osasun krisialdi betean kokatu zuten. Hala seinalatu zuten, iaz Elhuyarrek dinamizaturiko parte hartze prozesuaren baitan osatu eta jendaurrean erakutsi zuten denbora-lerroan. Lanketa horren guztiaren lehen mugarria litzateke, Aztarrika gazte asanbladak eginiko galdetegi bat. Haren "ondorio nagusia izan zen, gazteen artean bazela indibidualizazio bat, gazteek elkartzeko espazio baten falta zutela, ezin zutela antolatu".
Testuinguru horretan, "antolatzeko espazio baten beharra erantzungo zuen gakoa iruditzen zitzaigun gaztetxe bat sortzea zela", hitza hartu zuten Jone Allurren eta Luken Arkarazoren esanetan. Horren harira hasi ziren Gazte Egunak egiten, asanbladak... "Gaztetxea nola antolatu hasi ginen lantzen", oroitu zuten Sutegiko ekitaldian. Ahalegin horri ekin ahala, ordea, "konturatu ginen, gure herrian gaztetxea sortzeko unea ez zela. Ez zeudela baliabideak edo espazioak gaztetxe bat sortzeko. Proiektu hau oso handia zela eta herriko beste jende bat gerturatzea interesgarria izango zela". Ondorioz, "planteatu zen, agian beste forma bat hartu beharko zuela".
Kulturaz zutik gozatzeko espazio baten falta
Urte hartatik Kulturgunea eraikitzeko lanketan ari zirenekin bat egin zuten. Izan ere 2020an ekin zioten bilgune honen sortze prozesuari. "Herriko 20 sortzaile eta 40 antolatzaile ingururekin bildu ginen. Galdetu genien Usurbilgo kulturgintzaren hutsuneen inguruan".
Antzemandako hutsuneen artean, bat nabarmendu zen; kulturaz zutik gozatzeko toki baten falta zuela Usurbilek. Ondorioz, gaztetxe baten beharra zutenekin "ikusi genuen beharrak eta nahiak elkar gurutzatzen zirela eta hor salto egiten dugu 2022-23 ikasturtera". Prozesu honetako lau eragile nagusiak biltzen hasi ziren. "Mahai motore bat osatu genuen eta hasi ginen elkarrekin hitz egiten, elkarren behar horiek mahai gainean jartzen eta txosten bat osatu genuen".
Parte hartze prozesua
2023an, alderdi politiko eta eragileei aurkeztu zieten txostena, Aranerrekan jendaurreko aurkezpen ekitaldia egitearekin batera. Legealdi honetarako programan txertatu zuen, egun, udal gobernuan den taldeak. "Aurrera jotzeko konpromisoa hartu zuen. Hor forma hartzen hasi ziren gure proiektua eta ilusioa".
Aipatu moduan, iaz, garai honetan ekin zioten proiektua definitzeari Elhuyarrek dinamizaturiko parte hartze prozesuan. "Bost larunbat goizetan bildu ginen lau eragileetako ordezkariak, herritarrak, buruari bueltak ematen, ariketa desberdinekin planteatu eta amesten nolakoa izango zen. Hor landu genituen balioak, helburuak, kudeaketa, espazioa nolakoa izango zen". Elkarren arteko hartuemanak sendotzen joan ziren, "proiektuari forma ematen hasi ginen eta ikusten benetakoa zela, aurrera zihoala, bagindoazela".
Bide horretako azken mugarrietakoa, urte amaieran eginiko "Gero Bat Gaurdanik" topaketak izan ziren.