Jarri zioten izena, erantsi zioten marka, eraikinaren lehen zertzeladak aurkeztu zituzten edota orain arte egindako ibilbideari ere errepaso ederra eman zioten. Edukiz betetakoa izan zen Elkargunearen larunbateko aurkezpena.
Aurrerantzean, Arrobitxulo izan eta etorkizunean Udarregi ikastola pareko zelaian kokatuko den egoitzari abestuz amaitu zuten ekitaldia sustatzaileek. Tartean, urte amaieran "Gero Bat Gaurdanik" topaketak aurkezteko sortutako kanta abestu zuten; Usurbilek aterpe berria behar duela aldarrikatzen duena.
Albiste honi atxikitako bideoetan duzue ekitaldi amaierako kantaldia.
Aterpe berria
Herri hontan agenda
da beti notizi
ta leku kontuetan
hainbeste iritzi
batzuk elkartu eta
honaino iritsi
ta_inori ez diogu, ta_inori ez diogu
aterikan itxi
Elkarlanak fruitua
eman behar badu
Usurbilek aterpe
berria behar du
Sutegi da formala
ta badu bermea
baina zutik ta dantzan
lekurik gabea
ta herrian badenez
artixta jendea
sortzaile berrientzat, sortzaile berrientzat
ireki bidea
Elkarlanak fruitua
eman behar badu
Usurbilek aterpe
berria behar du
Astialdiak behar
du bere aterpe
aisialdia beti
dabil leku eske
bi ta bi beti da lau
ta ez horrenbeste
hemen soluzioa, hemen soluzioa
hau izan daiteke
Elkarlanak fruitua
eman behar badu
Usurbilek aterpe
berria behar du
Ta ze gauza ederra
dan gaztetasuna
Elkarlanean jardun
gau eta eguna
zaindu beharko degu
buru osasuna
aurrera egiteko, aurrera egiteko
hau da behar_duguna
Elkarlanak fruitua
eman behar badu
Usurbilek aterpe
berria behar du