Elkargunearen herri proiektuak leku hartuko duen eremu horri buruz eta bertan altxako duten eraikinaren inguruan mintzatu ziren larunbatean Sutegin, udal gobernu taldeko ordezkari Iratxe Begiristain eta aurreproiektua diseinatu duen "Rehabite"-ko kide bat.
Begiristainek argi adierazi moduan, "Udalak potentzialtasun handia ikusten dio proiektuari. Izan ere, lau eragileen arteko elkarlanetik sortua bada ere, uste dugu Usurbilgo herriaren eta herritarren hainbat beharrei erantzuteko balioko duela". Eragile haiekin lankidetzan ari da Udala egitasmo honen abiapuntutik. "Udal gobernuan ere hasieratik egin dugu elkargunearen aldeko apustua eta gure proiektu izar izendatu genuen baita ere. Eragileek proiektua aurkeztu zigutenetik lanean aritu gara gauzatzeko urratsak ematen".
Tartean, Arrobitxuloren kokagunea erabaki behar izan dute. "Proiektuaren bultzatzaileek hainbat proposamen egin zituzten, baina egokiena hori zela erabaki genuen, bai espazioaren tamainaren aldetik eta baita arauen aldetik ere, egun indarrean diren arau subsidiarioak zein behin behinean onartu berri dugun plan orokorrak espazio horretan udal ekipamendu bat aurreikusten duelako".
"Aurreproiektua jada badaukagu"
Begiristainek gogorarazi zuen, erabiltzen ez diren eraikinak berritzea lehenetsi ohi dutela Udaletik berriak eraiki aurretik. "Baina kasu honetan, irudikatutako espazio berri horren ezaugarriak direla eta, ez genuen ezeren parekorik eta berri bat egin behar dugu".
Horren konpromisoa hartua du eta azken hilabeteotan udalbatzaren osoko bilkuretan zenbait erabaki hartu dituzte; tartean, "eraikina egiteko dagoeneko 2,7 milioi euroko mailegu bat eskatua daukagu. Aurreproiektua jada badaukagu" baita.
Aurreproiektu hori zertan den berri eman zuen, hurrengo urratsak azaltzearekin batera. "Une honetan, exekuzio proiektua idazteko lizitazioa lantzen gabiltza, obraren kostua dela eta lizitatu beharra baitago. Lizitazio hau irabazten duenak sei hilabete izango ditu exekuzio proiektua idazteko. Ondoren, obra esleitzea geratuko litzaiguke. Hori ondo bidean, 2026. urte hasieran gertatuko litzateke".