Urte amaieratik lanean da Usurbilen laugarren Euskaraldia dinamizatuko duen herri batzordea. Azaroan egin zuten bilgunea osatzeko estreinako bilera eta hilabete amaieran Aginagako Eliza Zaharrean eginiko Euskararen Galan aurkeztu zuten jendaurrean. Gehiagotan ere bildu izan dira ordutik.
Antolaketa lanei segida emateko astearte honetarako, otsailaren 25erako, deitu dute, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Bilkura irekia da eta euskaltzale orok har dezake parte prestaketa lan hauetan.
Entitateen parte hartzea
Haien parte hartzea sustatzeko lanketan ari da Usurbilgo herri batzordea ere. Aurreko edizioetan parte hartutako Usurbilgo entitateek gutun bana jasoko dute, jaso ez badute jada. Bertan nola parte hartu argitzen da baita izena emateko xehetasunen berri eman ere, laugarren edizioarekin bat egitera gonbidatzearekin batera.
Entitateek Euskaraldian parte hartzeko inplikazio maila hautatu ahal izango dute laugarren edizio honetan. "Oinarrizko egitekoak aurrera eramateaz gain, euskararen erabileran bestelako urratsak emateko aukera ere izango dute". Segidan dituzue, entitateen parte hartzeko modu hauei buruzko xehetasunak. Entitateek, tartean Usurbilgoek ere bai, izena emateko epealdia zabalik dute.
Izena ematen duten entitateek egiteko hauek izango dituzte Euskaraldian:
- INFORMATU. Belarriprest eta ahobizi rolen inguruko informazioa entitateko kideen artean zabaldu, eta izena ematera animatu, horretarako erraztasunak jarrita.
- PRESTATU. Entitateek kideei euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eskaintzea aztertuko dute, horretarako baliabideak izango dituzte webgunean.
- EUSKARALDIA IKUSGARRI EGIN. Izena ematen duen entitateak ariketa badatorrela ikusgarri egingo du: espazioak apainduz, ekintzak antolatuz, barne zein kanpo komunikazioan hartutako neurriak edo egingo diren ekintzak jakinaraziz…
Euskararen erabileran bestelako urratsak emateko aukera
Eta aurreko egiteko horiez gain bestelako pausoak eman nahi dituzten entitateek, lanketa sakonagoa egiteko aukera baliatu dezakete izena eman ostean. Hori aukeratuta, koordinazio orokorretik baliabideak eskainiko zaizkie aparteko lanketak egiteko, besteak beste:
- Ariguneak sortu: euskaraz lasai aritzeko guneak.
- Komunikazioak euskaraz egin: bilerak, mezuak eta bestelako komunikazioak euskaraz zabaldu.
- Mintzodromoak antolatzea; entitate barruan lasai euskaraz hitz egin ahal izateko
- Mintzatratuak adostea entitateko kideen artean
- Hiztegi kutxa; entitatearen arloko euskarazko hiztegia ezagutu eta erabiltzeko
- ….
Azken lanketa hauek egiteko, intraneteko sarbidea eta aholkularitza izango dituzte eskura entitateek.
Izena emateko: https://euskaraldia.eus/entitateak/
4. Euskaraldia
Noiz: 2025eko maiatzaren 15etik 25era.
Leloa: "Elkar mugituz egingo dugu".
Parte hartzeko moduak:
-Ahobizi: "Euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean".
-Belarriprest: "Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horitxe eskatzen diet modu esplizituan".
-Entitateak: "ariketa modu erosoan egin ahal izatea eta euskararen erabilera handitzea izango da helburua; eta, horretarako, entitateei neurriak hartzea proposatuko zaie".
Deialdiak:
Urriaz geroztik
Herrien eta entitateen izen ematea zabalik euskaraldia.eus atarian.
Martxoa
Belarriprestek eta ahobiziek izena emateko irekiera ekitaldia.
Maiatzak 15-25
4. Euskaraldia.
Informazio gehiago: euskaraldia.eus