"Urde badator!", iragarri digute Orbelditik eta harekin Usurbilgo herri inauteriak! Ostiralean helduko da gure artera, otsailaren 28an, herriko dantza taldeak eragile gehiagorekin antolaturiko herri kalejiraren eskutik. Zakuak jantzi eta herri inauteriokin bat egiteko deia egin dute.
Agerialdetik abiatuko da kalejira ostiral arratsaldeko 18:30etan. Aranerrekatik, Ugartondo eta Kalezarrera joko du gero. Handik herri erdigunera jaitsi eta Mikel Laboa plazan amaituko da ekimen hau. Bidean hainbat geltoki izango ditu herri kalejirak eta haietako bakoitza, dantza, musika eta ezusteko gehiagorekin girotuko dute.
Gogoan izan, hainbat urte badira herriko dantza taldea "euskal giroko inauteriak" plazaratzen hasi zenetik. Iaz, "gurea sortzen hasi behar genuela erabaki genuen; geure pertsonaiak, geure istorioa, geure dantza". Hor sortu eta plazaratu zuten estreinakoz 2024ko mozorro festari ekiteko, "Urderen etorrera".
Urderez gain, bost pertsonaia eta istorio bat sortu dute, ostiraleko herri kalejiran plazaratu nahi dutena. Gure asmoa, herri inauteri hau errotzea da", aurreikusi dute dantza taldetik.
Segidan dituzue xehetasunak.
Usurbilgo herri inauteriak
Eguna: otsailak 28, ostirala.
Ordua: 18:30.
Tokia: Agerialde.
Ibilbideko geltokiak: Agerialde, Aranerreka, Txirikorda, Kalezar, babarrun formako biribilgunea, Mikel Laboa plaza.
Antolatzaileak: NOAUA! K.E. eta Orbeldi dantza taldea.
Laguntzaileak: Zumarte Musika Eskola, Usurbilgo Euskal Kantu Taldea, Ziortza Gazte Elkartea, Txirikorda eta Belmonte Auzo Elkartea.
Istorioaren hasiera: "Duela urte asko, denbora behe-lainoaren atzean ezkutatzen zen garaietan, basurdeak ziren Andatza mendiaren jabe, eta denen buru Urde. Bere presentzia hutsak halako izua sorrarazten zuen ingurukoengan. Zazpi gizakumeren altuera zuen, ile zuri lakarra, letagin ikaragarriak, matraila sendoa eta begirada hotza. Andatzara joaten ziren usurbildarrek bazekiten nondik ibili Urderekin ez elkartzeko. Belaunaldiz belaunaldi etxeetan hitz egiten zen Urderi buruz. Nola hark menditik zaintzen zituen inguruko lurrak eta herritarrek esker oneko izan behar zuten bere babesagatik. Halere, neguko hotzak oraindik bere atzaparrak ezkutatu gabe zituela, sabel hutsarekin orroka hasten zen eta arrapaladan jaisten zuten mendia beheko lurretara gosea ase nahian. Urdetxoek buruzagiaren etorrera iragarriz, eroen abangoardia ziruditen, aztarrika eta orroka inguruko denak izutuz, umeak negar malkotan utziz eta helduak ikusten zutenaz atsekabetuz. Eta denen atzetik, Urde buruzagia".
Pertsonaiak: Urde, lamiak, anguleroak, harrapariak, zakuak, adarjotzaileak.
Urde
"Urde Andatzan bizi den izakia da. Pertsonaia bihurria da, inoiz ez dakigu zer egingo duen. Kaosaren pertsonifikazioa da. Urtean zehar, basurde baten itxurarekin bizi izaten da. Usurbil eta usurbildarrak zelatatzen ditu. Eta urtean behin, herrira hurbiltzen da herritarrekin nahastera. Bera da Inauterietako izpiritua".
Lamiak
"Aranerrekan bizi dira. Izaki magikoak dira, ura eta argia kontrolatzeko gaitasuna dute. Izaki maitagarri modura azaltzen dira. Argitasuna, alaitasuna eta maitasuna izaten dira haien botere nagusiak errekara hurbildu eta ur-azpian murgiltzeko. Horrela, gizakiaren anima harrapatu eta betirako kondenatuak izateko".
Anguleroak
"Errio inguruko pertsonaiak dira, Txokoalde eta Agiñatik etortzen dira. Farolatxoak dituzte eta neguko ilunean argia egiten dute. Anguleroek laguntzen diete herritarrei haien bidea argitzen, dituzten arazoei aurre egiteko".
Harrapariak
"Herrira ordena ekartzeko ardura duten pertsonaiak dira. “Villa Belmonte” garaitik dira ezagunak, horregatik, Kalezarren dute gehienek jatorria. Urde harrapatzea da haien lana, inauterietako izpiritua Usurbila etor dadin urtero. Zintzarriak dituzte Urde deitzeko, baita makilak ere lurra astintzeko".
Zakuak
"Herritarrak dira, inauteriaren zain daudenak. Dantzatzea eta kantatzea gustuko dute, festa alegia. Harrapariei Urde aurkitzen laguntzen diete. Haien garrasi eta oihuak oso garrantzizkoak izango dira lan horretan".
Adarjotzaileak
"Urderen laguntzaileak dira. Herria oso ondo ezagutzen dute eta adar soinua erabiltzen dute Urderekin komunikatzeko".